Emaitza kontrajarriak lortu dituzte ISBko talde nagusiek

Intza Trula 2024ko ots. 12a, 10:30

Juaristi ISBren eta Zamora Enamoraren arteko partida, larunbatean Azpeitian. (Mikel Amenabar)

Zamora Enamora taldearen aurka 88-95 galdu zuten Juaristi ISBko gizonezkoek Zilarrezko LEB ligan. Domusa Teknik ISBko emakumeek, berriz, beste garaipen bat eskuratu zuten LF2 ligan, oraingoan etxetik kanpo, 50-71 Basket Almeda taldearen aurka.

Emaitza kontrajarriak lortu dituzte Iraurgi saskibaloi klubeko talde nagusiek asteburu honetan ere. Juaristi ISBk galdu egin zuen larunbatean Azpeitian, Zamora Enamora taldearen aurka. Domusa Teknik ISBk, berriz, garaipena eskuratu zuen Cornella de Llobregaten (Bartzelona), Basket Almedaren aurka.

Partida zaila izan zuten Juaristi ISBko gizonezkoek Zilarrezko LEB ligako liderra den Zamora Enamora taldearen aurka. Larunbatean jokatu zuten lehia, Azpeitian. Etxeko taldeak ezin izan zuen garaipena lortu, eta 88-95 amaitu zen partida. Hala, zortzigarren postuan jarraitzen du taldeak, 27 punturekin. Larunbatean honetan dute, ordea, datorren hitzordua. 19:00etan jokatuko dute Azpeitian, Melilla Ciudad del Deporte taldearen aurka. 

Domusa Teknik ISBk, berriz, Cornella de Llobregaten (Bartzelona) jokatu zuen jardunaldiko partida larunbatean, eta 50-71 hartu zuen mendean Basket Almeda taldea. Garaipen honi esker bigarren postuan jarraitzen dute emakumeek, 30 punturekin. Domusa Teknik ISBk ere etxean jokatu du aste honetan: Unilever Viladecans Dischele 65 taldearen aurka, 16:00etan Azpeitian.

50. urteurreneko ospakizunak

50. urteurreneko ekitaldiekin jarraituz, Iraurgi saskibaloi klubak lau lehendakari ohi omendu zituen Juaristi ISBren partidaren aurretik. Hain zuzen, Ramon Rubio, Iñigo Agirre, Iñaki Zubizarreta eta Iñaki Uria izan ziren aitortza jaso zutenak.

Hain zuzen, egun lehendakari karguan dagoen Mahier Lizasoren aurretik egondakoak dira aipatutako protagonistak. ISBren istorian lehendakarien lana "ezinbestekoa" izan dela dio klubak. "Guztiek egindako lanari esker 50 urte bete ditu klubak".

Halaber, New Yorkerako bidaiaren zozketa ere egingo zuten partidaren aurretik. Zenbaki irabazlea 11088 da, eta lehenengo eta bigarren ordezkoak 15508 eta 27277 dira, hurrenez hurren. Otsailaren 26ra arte izango du irabazleak saria jasotzeko epea, 688 65 71 19 telefono zenbakira idatzita.

Larunbateko omenaldiko irudia. (Mikel Amenabar) 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide