Inauteriak 2024

Bortxaketa bat izan zen atzo, eta karnabaletako egitaraua bertan behera utzi du udalak

Ihintza Elustondo 2024ko ots. 12a, 14:01

Azpeitiko plaza.

Elegante Egunez, emakume bat bortxatu zuten herrian. Ertzaintzak hedabide honi baieztatu dionez, ustezko bortxatzailea atxilotuta dago. Udalak karnabalak bertan behera uzteko erabakia hartu du; berari dagokion egitarauaren barruko jarduerarik ez da egingo. 18:30ean, elkarretaratzea izango da plazan. Bigarren sexu eraso bat gertatu dela ere baieztatu du udalak, eta bi erasoak lotuta daudela, nahiz eta lotura zein den ez duen azaldu.

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, atzo, Elegante Egunez, emakume bat bortxatu zuten herrian. Ertzaintzak hedabide honi baieztatu dio erasoa atzo gauean gertatu zela, eta ustezko bortxatzailea atxilotuta dagoela. Kasua ikerketapean dago. Horrez gain, bigarren sexu eraso bat ere gertatu dela baieztatu du udalak, eta bi erasoak lotuta daudela, nahiz eta lotura hori zein den ez duen azaldu. 

Bortxaketaren berri ematearekin bat, udalak karnabalak bertan behera uzteko erabakia jakinarazi du; berari dagokion egitarauaren barruko jarduerarik ez da egingo, ez gaur eta ez bihar. Hau da, Astelehen Karnabaletako lehiaketarik nahiz sari banaketarik ez da izango, txarangarik ere ez, gaurko eta biharko sokamuturrik ere ez... Arratsaldean, 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute plazan, udalak deituta.

Udalak adierazpena kaleratu du gertaeren harira, eta adierazi du Azpeitiko herriak ez duela "indarkeria matxistarik onartzen". Horregatik erabaki du erakundeak festak bertan behera uztea. "Atzo gure herrian izandako sexu erasoen berri izan ostean, eta arreta egokia bideratu zaiela ziurtatu eta gero, Azpeitiko Udalak erabaki du inauterietako programazioa bertan behera uztea eta elkarretaratzera deitzea gaurko". Erakundeak dei egin die herritar guztiei ekitaldian parte hartzera, "indarkeria matxistaren aurka agertzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera".

Udalak "gaitzespen gogorrena"

Azpeitiko Udalak bere "gaitzespen gogorrena" azaldu du herrian gertatutako erasoen aurka. "Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta emakumeak kontrolpean eta mendean izatea da haren helburua. Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edo azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Hau da, gizartean hain errotuta dauden generoen gaineko aurreiritziek eragiten dituzte halako ondorio larri eta tamalgarriak dakartzaten gertaerak", adierazi du.

Sexu erasoak "emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa" direla nabarmendu du udalak, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa dela "gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak" sustatzea. Era berean, udalarentzat garrantzitsua da nabarmentzea ez dagoela "erasotzaileak definitzen dituen profil espezifikorik". "Indarkeria eragiten dutenen ezaugarriak askotarikoak izan daitezke. Beraz, funtsezkoa da estereotipoetan edo orokortzeetan ez erortzea, horrek soilik arazoaren egiturazko izaeraren ulermena mugatzen baitu".

Erasoa jasan duten emakumeei ere egin die udalak erreferentzia. "Guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia horren ahalmena". Horregatik, Azpeitiko Udalak lanean jarraituko duela adierazi du, eta aurrerantzean ere "eraso oro gaitzetsiko" dutela. "Indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa emango diegu, eta prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraituko dugu".

Aldundiaren arbuioa

Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde adierazpena kaleratu du "Azpeitian gertatutako eraso matxistak eta salatutako sexu erasoa arbuiatzeko". Foru erakundeak, aldi berean, "elkartasun osoa eta babesa" eskaini nahi dizkie sexu eraso horiek pairatu dituzten emakumeei, nahiz haien gertuko lagunei eta senitartekoei.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, aldundiak bat egiten du Azpeitiko Udalak kaleratu duen adierazpenarekin. "Beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako erasoen oinarri-oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu".

Nerea Isasi Berdintasunerako foru zuzendariak gaur plazan egingo den elkarretaratzean parte hartuko du.

Eragileen atxikimenduak

Hainbat eragilek dei egin dute 18:30ean plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera, hala nola Azpeitiko EH Bilduk, Azpeitiko EAJk, Urola Erdiko Itaiak, Azpeitiko Ernaik eta Emakumeen Txokoak.

Era berean, Azte tabernarien elkarteak ere bat egin du deialdiarekin. Hau da Instagramen zabaldu duten adierazpena: "Gertatu denaren harira, tabernariok elkarretaratzearekin bat egingo dugu, 18:00etatik 19:00etara tabernak itxiz. Gainontzean, eman diezaiegun amaiera hain maiteak ditugun festei!"

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide