Inauteriak 2024

Epailearen esku gelditu da Elegante Egunez emakume bat bortxatzeagatik eta beste bati eraso egiteagatik atxilotutako gizona

Onintza Lete Arrieta eta Ihintza Elustondo 2024ko ots. 13a, 11:17

Atzo arratsaldean sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea plazan. (Ihintza Elustondo)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur, asteartea, utzi dute epailearen esku 24 urteko gizona. Horrez gain, Ertzaintzak jakinarazi du bigarren sexu eraso bat ere leporatu diotela gizon berari; lehen emakumea bortxatu ostean egin zion erasoa bigarrenari. 

Igande gauean, Elegante Egunez, gizonezko batek emakume bat bortxatu zuen herrian, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen ustezko erasotzailea. Ertzaintzak emandako datuen arabera, atxilotutako gizonak 24 urte ditu, eta biktimaren ezaguna da. Erasotzailea Urola Kostako ertzain etxean atxilotuta zuten bitartean, jakin zuten beste emakume bati ere sexu erasoa egin ziola; bigarren biktima bortxaketa salatu duen emakumearen laguna da. Lehen emakumea bortxatu ostean egin zion erasoa bigarrenari.

Atxilotua gaur utzi dute epailearen esku Azpeitiko Epaitegian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Erasoen berri izan orduko, Azpeitiko Udalak karnabalak bertan behera uztea erabaki zuen, eta atzo arratsaldean elkarretaratze jendetsua egin zuten erasoak gaitzesteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide