Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatuak asanblada irekia deitu du hilaren 19rako

Nerea Uranga 2024ko ots. 14a, 08:30

Etxebizitza Sindikatuaren batzar bat Azpeitian.

Etxebizitzaren arloan ezarritako azken murrizketak izango dituzte hizpide Azpeitian, Azkoitian nahiz Zestoan antolatu dituzten asanblada irekietan.

Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatuak asanblada irekiak antolatu ditu Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian; Azpeitikoa datorren astelehenean izango da, 18:00etan, Esklabak Zentro Sozialistan.

Asanbladetan Etxebizitza Sindikatuaren jarduna azalduko dute eta etxebizitzaren arloan ezarritako azken murrizketak izango dituzte hizpide: "DBE (Diru sarrerak Bermatzeko Errenta) eta EPE laguntzetan izandako aldaketak azalduko ditugu asanbladetan, eta murrizketa sozial horiek betetzen dituzten funtzioen inguruan eztabaidatuko dugu".

Gaiaren inguruko kezka duen oro gonbidatu dute saioetan parte hartzera.

Honakoak dira Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatuak deitu dituen asanblada irekiak:

  • Zestoa: otsailak 17, larunbata. 11:00etan, Alondero aretoan.
  • Azpeitia: otsailak 19, astelehena. 18:00etan, Esklabak Zentro Sozialistan.
  • Azkoitia: otsailak 20, asteartea. 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide