Josemari Unanue: "Rock talde horien historia ezagutzeko jakin-mina nuen"

Iraia Oteiza eta Urtzi Oteiza 2024ko ots. 15a, 10:00

Unibertsitateko Gradu Amaierako Lanari tiraka, 70eko eta 80ko hamarkadetako Azkoitiko eta Azpeitiko rock musika eszenak Burrundaie izeneko dokumentalean bildu ditu Unanuek.

Josemari Unanue (Hendaia, Lapurdi, 1997) Azkoitiko bizilagunak 70eko eta 80ko hamarkadetan Azkoitian eta Azpeitian izan zen rock panorama bildu du dokumental batean. Burrundaie. Relatos del primer rock del Urola izena jarri dio amaitu berri duen lanari, eta Jotakie, Direccion Obligatoria eta Os Gallardos taldeen historia zein ibilbidea izan ditu kontagai.

Duela 40-50 urte Azkoitian eta Azpeitian izan zen musika eszenaren inguruko dokumentala egin duzu. Nolatan bururatu zitzaizun halako ikus-entzunezko bat egiteko ideia?

Pandemia garaian, ezer egin gabe egoteko denbora gehiegi genuen hartan, bururatu zitzaidan dokumentala egitea. Nire aitak garai hartako argazki eta bideoak zituen gordeta, eta material hori publiko egiteko ideia izan nuen. Hasieran webgune bat egitea pentsatu nuen, baina gero dokumentala egitea aukera hobea iruditu zitzaidan, beste inork ez duelako gaiari lotutako ikus-entzunezkorik egin. Egia da Jotakie, Urolan pop liburua idatzi zuela Xabier Borda idazle azpeitiarrak, baina bestelakorik ez zegoela ikusita, bideoak eta argazkiak ezagutarazi asmoz hasi nintzen dokumentala ontzen.

Zergatik 70eko eta 80ko hamarkadetako taldeak? Eta zergatik Azkoiti-Azpeitikoak?

Nire aita Os Gallardos taldeko abeslaria izan zen. Nik ere talde horrekin kontzerturen bat eskaintzeko aukera izan nuen duela urte gutxi, eta taldearen historia kontatu nahi nuen. Horrekin batera, Jotakie eta Direccion Obligatoria taldeak ere kontagai izan ditut, musika garaikideko hemengo taldeak izan zirelako.

Rock talde horien historia ezagutzeko jakin-mina nuen, nola sortu ziren eta kontzertuak nola iragartzen zituzten ezagutzekoa, garai hartan ez zegoelako egungo erraztasunik. Halako kontuak ere bildu ditut.

Hain zuzen, Jotakie, Os Gallardos eta Direccion Obligatoria taldeekin osatu duzu dokumentala. Aita aipatu duzu, Os Gallardoseko abeslaria izana. Dokumentalerako material asko al zeneukan jada etxean?

Os Gallardos taldearen material ugari neukan, bideo zinta asko, kaseteak, argazkiak… Aldiz, Direccion Obligatoriaren argazki pare bat eta zintaren bat baino ez nituen, eta Jotakieren ezer ez neukan. Baina aitaren bidez taldekideekin harremanetan jarri nintzen, eta materiala utzi zidaten dokumentala osatu ahal izateko.

Material asko bildu al zenuen horrela?

Bai, pila bat. Adibidez, zinta berezi bat lortu nuen, VHS moduko bat, baina ezberdina. Jotakieren 1984ko emanaldi bat zegoen jasota han, Patta taldeko gitarra jotzailea zen garaikoa. Interneten ezin daitezke aurkitu Patta Jotakieko taldekide zen garaiko argazkiak eta bideoak, eta irudi horiek ikusteko aukera izatea oso interesgarria izan da niretzat.

Josemari Unanue. (Urtzi Oteiza)

Nondik abiatu duzu dokumentala?

Bitxia da, dokumentalaren kontakizuna Hendaian hasten delako. Ni hangoa izanagatik ere, Azkoitiarekin eta Azpeitiarekin dudan lotura eginez hasi dut dokumentala, musika ere uztartuz. Zinta batetik abiatu dut kontakizuna. Zinta horretan nire aitak eta osabak eskaini zuten kontzertu bat dago jasota, 1978- 1979an egindako grabaketa akustiko bat. Avion Brothers izenarekin eskaini zuten kontzertu hura biek, Azkoitian abionenekuk zirelako nire aita eta osaba. Zinta hori 12 bat urterekin deskubritu nuen nik, eta nire aitarekiko nuen irudia eta, hein handi batean, nire pentsatzeko modua ere aldatu egin zituen zinta horrek. Hori azaltzen hasi dut dokumentala, eta modu horretan uztartu ditut nire bizipenak eta eskualdeko garai hartako musika eszena.

Burrundaie izena jarri diozu dokumentalari. Zer dela eta?

Ez da batere erraza dokumental bati izena jartzea, eta esamolde bakarra bururatu zitzaidan garai hartako Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak batzeko. Azken batean, Burrundaie Jotakierekin oso lotuta dagoen termino bat dela esango nuke. Hiru talde horiek ez dute elkarrekin zerikusi handirik, oso ezberdinak dira: Jotakie euskarazko rock taldea zen; Direccion Obligatoriak lotura handiagoa zuen Madrilgo mobidarekin, eta gazteleraz abesten zuten; Os Gallardosek, berriz, blues bertsioak egiten zituen, eta, horietako asko, ingelesez. Beraz, hiru talde horiek lotzen zituen hitz aproposaren bila ibili nintzen, eta burrundaie terminoak denak batzen zituela iruditu zitzaidan.

Dokumentalerako bildu duzun materiala sare sozialetan partekatzen hasi zara.

Instagram eta Facebook sareetan kontuak ireki ditut, burrundaie.docu izenarekin, eta han hasi naiz dokumentalerako bildu ditudan argazkiak, bideoak, kontzertuetarako garai haietako sarrerak eta antzekoak partekatzen, baita istorioak ere. Une hau aprobetxatu nahi nuke esateko norbaitek materialen bat badu eta partekatu nahi badu, nirekin harremanetan jartzeko.

Dokumentala amaitu berri duzu, baina unibertsitateko zure Gradu Amaierako Lana ere dokumental horrekin egin duzu.

Nire Gradu Amaierako Lanean dokumentalaren prototipoa aurkeztu dut. Lana aurkeztu eta gainditu ostean, irakasleek egin zizkidaten gomendioetako batzuk kontuan hartu ditut, eta zenbait aldaketatxo egin dizkiot dokumentalari. Urtarrilean amaitu nuen, eta jada prest dago dokumentala.

Dock Of The Bay jaialdira aurkeztu dut nire lana. Musikarekin lotuta Donostian urtero egiten den dokumentalen jaialdia da, hain zuzen, nire lanaren gaiarekin lotura zuzena duena, eta otsaila hasieran eman nuen izena han. Aurten maiatzean izango da jaialdia, eta apirilean esango didate nire lana onartua izan den ala ez.

Publikoari dokumentala aurkezteko asmorik ba al duzu? Ikusi nahi duenak ba al du horretarako aukerarik momentuz?

Momentuz ezin da ikusi, Dock Of The Bay jaialdian izena emateko baldintzetako bat zelako estreinaldia han izatea. Hori horrela, horren zain nago. Jaialdian nire lana onartua izaten bada, hantxe izango da estreinaldia, eta bestela, beste era batera aurkeztuko dut lana. Badabilkit ideia bat buruan, Azkoitiko Baztartxo antzokian emanaldi bat eskaintzea gustatuko litzaidake, dokumentalaren emanaldiarekin batera kontzertu txikiren bat ere eskainiz. Ez dakit posible izango den, baina zerbait xumea eta lasaia nahiko nuke, herrian bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide