Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladak, elkar hartuta

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 15a, 10:09

Azkoitiko Gazte Asanbladaren lehen urteurreneko ospakizunen barruko kontzertua, 2022an, Goiko Losan. (Mailo Oiarzabal)

Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketa antolatu dute lehen aldiz. Azkoitian elkartuko dira larunbatean hiru herrietako gazteak, goizetik iluntzera bitartean.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladetako kideak Azkoitian elkartuko dira larunbatean, Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketan parte hartzeko. Mahai ingurua, bazkaria, kirol lehia, kontzertuak... 11:00etan hasi eta iluntzera arte, hainbat hitzordu izango dituzte topaketan.
Kontzejupea izango da topaketaren gune nagusia, eta udaletxeko arkupe horretan gauzatuko dituzte ekitaldi gehienak, baina bazkaria Azoka Plazan egingo dute. Hain zuzen ere, bazkarirako txartelak hiru herrietan jarri dituzte salgai, Dean (Azkoitia), Haginpe (Azpeitia) eta Mollergi (Zestoa) tabernetan.

Elkartasuna eta babesa

Lehendik ere badituzten harremanak indartzeko erabaki dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek elkar hartzea eta lehen aldiz topaketa antolatzea. "Elkartasuna" eta "elkar babestea" aipatu dituzte antolatzaileek. Izan ere, helburu nagusien artean dute "Azkoitiko Gazte Asanblada indartzea", herriko gazteak mobilizatzea. Azpeitia da gaztetxe egonkortua duen hiruetako herri bakarra: Azkoitian ez dute gune propiorik, eta Zestoako gaztetxea gatazka betean sartuta dago.

Etzikoak ematen duena baloratu ondoren erabakiko dute topaketei jarraipena eman ala ez.

Egitaraua

Hau da Azkoitian egingo duten Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketarako prestatu duten egitaraua:

Etzi, larunbata, otsailak 17

  • 11:00. Mahai ingurua: Gazte langileon eskubide politikoak jopuntuan. Kontzejupean.
  • 12:30. Triki-bertso poteoa, Garazi Navarro eta Jon Gurrutxaga bertsolariekin.
  • 14:00. Bazkaria, Azoka Plazan.
  • 17:00. Pilota ikuskizuna, Kontzejupean.
  • 20:00. Kontzertuak: Labankada eta Rekiem. Kontzejupean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide