Ados Pilotaren binakako txapelketa Azpeitira iritsiko da zapatuan

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 15a, 11:43

Binakako Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoak jokatu zituzten iazko otsailean Izarraitzen. (Maialen Etxaniz)

Lehen mailako ligaxkari dagozkion bi partida jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan, eta Oihana Orbegozo etxean ariko da: Barrokal-Agirre Aldaregia-Ruiz Larramendi bikoteak neurtuko dira lehendabizikoan, eta Arrieta-Mujika eta Iturriaga-Orbegozo bigarrengoan.

Bigarren urtez jarraian hartuko du Izarraitz pilotalekuak Ados Pilotaren Binakako Txapelketa Nagusia. Iaz finalaurrekoak jokatu zituzten Azpeitian, eta aurten lehen mailako ligaxkaren jardunaldia izango dute lehian Azpeitiko frontoi luzean.

Etzi, zapatuan, izango da hitzordua. 18:00etan hasita, bi partida ikusteko aukera izango da, eta Ados pilotan ari diren eskualdeko hiru pilotariak tartean izango dira: Barrokalek eta Naroa Agirre arroarrak Aldaregiaren eta Ruiz Larramendiren kontra jokatuko dute lehen partidan; eta bigarrengoan, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Mujika Iturriagaren eta Oihana Orbegozo azpeitiarraren kontra. Jaialdirako sarrerak 5 eurotan erosi ahal izango dira.

Orain arteko binakako txapelketarik luzeena antolatu du Ados Pilotak hirugarren edizio honetarako. Abenduaren 16an jokatu zuten ligaxka faseko lehen jardunaldia Latasan (Nafarroa), apirilaren 7an Iruñeko Labriten eta apirilaren 13an Biarritzen (Lapurdi) jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta hil bereko 21ean finalak, Antzuolan (Gipuzkoa). Horrenbestez, guztira 58 partida jokatuko dituzte txapelketan. Lehen mailan zazpi bikote ari dira lehian, eta promozio mailan lau.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide