Urriaren 6an Azpeitian egingo den Kilometroak jaiaren atarirako, Kultur Izpiak egitaraua prestatu du Azpeitiko Ikasberri ikastolak hainbat eragilerekin batera. 2024ko Kilometroen hiru ardatzak –euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza– kontuan hartuta, "ekintza xumeak helburu handiekin" egingo dituztela azaldu dute gaur ikastolako kideek, otsailetik irailera arteko ekintzen berri emateko agerraldian.
Alaitz Epelde Ikasberri ikastolako Artezkaritzako kideak, Gorka Artola Kilometroak 2024ko koordinatzaileak, Mattin Arakistain eta Miren Iturzaeta ikastolako Batxilergoko ikasleen ordezkariek eta Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azaldu dituzte Kultur Izpiak egitarauaren nondik norakoak. Adierazi dute, azken hiru hilabeteetan, herriko nahiz kanpoko hainbat eragilerekin harremana landu dutela, eta horren emaitza dela osatu duten egitaraua. Era berean, nabarmendu dute ikastola barrurako eta kanporako prestatutako ekintzak direla.
Eguzkilorea da aurtengo Kilometroen irudia, eta Izpiz izpi leloa. Jaiari lotuta, aurtengo ikasturtean lantzeko hiru ardatz zehaztu zituzten: euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza. Artezkaritzako kideak adierazi duenez, ardatz horiek ez dituzte arrotzak ikastolan, baina badakite jarritako helburuak handiak direla. "Kilometroen urtean ardatz horiei begira oinarriak jarri nahi ditugu, aurrerantzean ere ardatz horietan oinarrituta lanean jarraitzeko".
Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariaren ustez, Ikasberri ikastolak "txukun" ekin dio aurtengo Kilometroak antolatzeko lanari: "Izpiz izpi, komunitatean eta auzolanean ekin dio erronkari. Aurtengo ekitaldirako hartu dituzten ardatzek bete-betean islatzen dituzte ikastolon izaera eta balioak".
Ikastolak herri ekimenetik eta herriak behar zuena emateko sortuak direla gogorarazi du gaurko agerraldian Perez de Arenazak, eta aurtengo Kilometroetako ardatzek ikastolen ezaugarriak batzen dituztela nabarmendu du: "Herria (herrigintza) eta euskara ezaugarri hartuta sortu ziren ikastolak, eta gaur egungo gizarte anitz honetan kulturartekotasuna ere gure ardatzetako bat da".
Ekintzak elkarlanean
Urriaren 6ko jai handiak kanpora begira oihartzuna izango badu ere, ikasturtean zehar landutakoari eman nahi diote garrantzia Ikasberrikoek: "Hasieratik izan dugu argi, oinarri horiek sortzeko, bidea egitea zela egokiena, eta urriko jaiari garrantzia emateaz harago, urtean zehar harremanak landu behar genituela, herrian eta herritik kanpo".
Kilometroen jaia "egun bakarrera mugatu beharrean»", helburutzat jarri dute urte osoan ardatzak lantzeko ekintzak sortzea eta proposatzea, eragileekin harremanetan. Horrenbestez, jai handiaren aurretik, bi lanketa egiten ari dira: alde batetik, askotariko harremanak eraikitzen ari dira herriko eta kanpoko eragileekin; eta, bestetik, harreman horietan sortzen diren asmoetatik ekintza mugarriak gauzatu nahi dituzte. "Gure asmoen berri eman diegu eragileei eta lankidetzarako aukerak eskaini dizkiegu, eta dagoeneko batzuekin elkarlanean ari gara. Kilometroen urtea harremanen urtea izatea nahi dugu, eta elkarlanean hiru ardatzak elikatuko dituzten proiektuak egin nahi ditugu", azaldu du gaur 2024ko Kilometroen koordinatzaileak.
Harremanen lanketan eta elkarlanean helburu dituzten hiru ardatzek lekua izatea nahi dute, bai barrura eta baita kanpora begira ere, Artolaren arabera: "Barrura begira, balioei eta egitekoei begira nahi genuke ardatz bakoitzetik ekarpen berriak egitea gure hezkuntza komunitatearentzat. Eta kanpora begira, kanpo ekintzen bidez ere elikatu nahiko genituzke hiru ardatzak herrian eta eskualdean". Helburu handi horiek aintzat hartuta antolatu dituzte "ekintza xumeak" Kultur Izpiak egitarauaren barruan.
Irailera bitartean, egitarauaren barruan, askotariko ekintzak prestatu dituztela aurreratu du Artolak, eta datak gerturatu ahala haien berri zehatzago emango dutela jakinarazi du.
"Gazteon egun bat"
Ikasle Topaketa antolatzen ari dira apirilaren 19rako ikastolako gazteak, Kultur Izpien barruan. "Ikasle topaketak egin nahi ditugu, Euskal Herriko beste lurraldeetako ikasleekin elkartuz, jai giroan gure intereseko gaiak lantzeko eta ondo pasatzeko bidea eginez", azaldu dute Arakistainek eta Iturzaetak.
Ikasle Topaketa antolatzeko, aurrena aurtengo ikastolen festak antolatuko dituzten ikastolekin jarri dira harremanetan. "Aurreratu dezakeguna da Oiongo eta Zangotzako ikastoletako ikasleak etorriko direla egun horretan Azpeitira", esan dute gaur ikasleek.
"Euskararekin eta euskaraz ondo pasatzeko egun bat antolatu nahi dugu. Gazteon egun bat. Eta, horretarako, UEMA eta Zaparraie euskara elkartearekin harremanetan hasi gara. Haiekin batera antolatuko dugu gazte topaketen jaia", dute.
Kultur Izpiak:
- Otsailak 9. Inauteriak Munduz Mundu. "Euskal Herriko inauteriak landu genituen aurrena. Eta gero, beste herrialdeetako inauteriekiko lotura egiten saiatu ginen Kulturazek eta Dinamoa sormen guneak lagunduta".
- Otsailak 17-urriak 19. Tutera-Azpeitia etapaz etapa, Lagun Onak mendi bazkunarekin elkarlanean. "Nafarroan euskarak duen egoera eta bere alde egiten duten lana ezagutuko dugu. Lehen etapa Tuteran hasiko da, eta bertan, Errigora, Union Tutera eta Argia ikastolarekin harremanak egiteko aukera izango dugu, besteak beste".
- Martxoak 2. Zurak eta Ezpalak transmisio egitasmoa. "Ikastolako haurrek beren aitona-amonak gonbidatuko dituzte ikastolara, bi belaunaldien arteko harremana sustatuz. Festa giroan egingo dugu".
- Martxoak 10. Beskoitzera (Lapurdi) bidaia. "Beskoitzeko ikastola ixteko agindua eman du hango udalak, eta ikastolari babesa azaltzeko egun osoko egitarau prestatu du Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak. Beskoitzera joango gara hainbat ikastola, besteak beste, Sohütako Eperra, Zangotzakoa, Lodosako Ibaialde, Tuterako Argia, Vianako Erentzun, Oiongo San Bizente, Balmasedako Zubi Zaharra, Getxoko San Nikolas eta gu, Azpeitiko ikastola".
- Martxoak 18. Korrika Argantzonen (Trebiñoko Konderria, Araba). "Martxoaren 20an Azpeititik igaroko da Korrika, eta bertan ere parte hartuko dugu ikastolako ikasleok, irakasleok eta gurasook, lekuko bana eramanez. Aurten, baina, ikastolako ordezkaritza Argantzonera joango da Korrikan parte hartzera, eta hango ikastolakoekin korrika egingo dugu".
- Apirilak 19. Ikasle Topaketa.
- Apirilak 27. Kilometroak Txikia, egun osoan. "Eguna osatzen ari gara oraindik, baina herriko hainbat eragilerekin osatu nahi dugu eguna. Elkarrekin jolastu, dantzatu, abestu, bazkaldu eta ongi pasatuko dugun egun bat izatea nahi dugu".
- Maiatzak 17. Bertso Izpiak bertso saioa egingo dute, 19:00etan, Soreasun.
- Ekainak 14. Kilometroak 24 abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte.
- Ekainak 19 eta 20. Amazig herria gurean. Azpeitiko Udalarekin, Nafar Zuzterrakekin eta Kulturazekin elkarlanean, Afrika iparraldeko Amazig herria ezagutuko dute eta Amazig etniako Basamortuko Blusak musika taldearen emanaldia izango da Sanagustin kulturgunean.
- Irailak 1. Argazki Izpiak lehiaketa.