Agur telefono kabinei

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 16a, 15:19

Sanjuandegiko telefono kabina, barrutik. (Erik Aznal)

Aste honetan kendu dituzte Azpeitian gelditzen ziren azken telefono kabinak. Espainiako Gobernuak 2021 amaieran erabaki zuen telefono kabinak hiri, herri eta kaleetatik kentzea, eta horrela jaso zuten Telekomunikazio Lege Orokorrean. Hasiera batean 2022rako kabina guztiak kentzea aurreikusten zuten arren, hainbatek luze iraun dute betiko lekuan, kaleko iruditegiari lotuta.

Pantailei so bizi garen garaiotan, inork gutxik oroitzen ditu lehen ohikoak ziren komunikazio bideak. Inork gutxik idatziko ditu eskutitzak edo postalak, eta inork gutxik erabiliko ditu kalean gelditzen diren postontziak. Askotan, erabilerak ematen dio zentzua zerbaiti, eta erabilerarik ezean... Erretiratu dituzten komunikazio tresna horien artean daude telefono kabinak. Azpeitian aste honen hasieran, otsailaren 12 eta 13 artean, kendu dituzte herrian gelditzen ziren azkenak.

Hain zuzen, Sanjuandegin, Garmendipen eta Arana kalean bizirauten zuten azken hiru telefono kabinek, eta aste honetan bertan erretiratu dituzte guztiak. Matxuratuta eta zerbitzuz kanpo zeuden, baina arrisku kontuak tarteko kendu dituzte, kristalak puskatuta baitzituzten. Zenbaiti arreta deitu die haien faltak, eta beste hainbat ez da ohartu ere egin. Urte luzez kale horietako iruditegiaren parte izan dira kabinak, eta orain haiek lurrean utzitako arrastoa soilik gelditu da. Arrasto hori ere desagertuko da denborarekin. 

Ezkerrean, Garmendipeko kabinaren eremua. Eskubian, Sanjuandegiko kabinarena. 

Gainbeheraren ondorio

Aspaldi utzi zioten errentagarri izateari telefono kabinak. Hego Euskal Herriko kabinak Telefonicarenak dira. Gaur arte kalean iraun duten gehienak hondatuta zeuden, eta, ondorioz, ez ziren erabiltzen. 2022an plazaratu zituzten datuen arabera, biztanleriaren %20ak baino gutxiagok erabili du telefono kabina bat bizitzan zehar, eta 30 urtetik beherako ia inork ez. 90eko hamarkadan eskuko telefonoak eguneroko bilakatu zirenetik, gainbeheran joan dira pixkanaka.

2022an plazaratu zituzten datuen arabera, 30 urtetik beherako ia inork ez du erabili kabina bat bizitzan zehar

2016 urte amaieran hasi ziren telefono kabinak kenduko zituztenaren lehen zaratak. Urte hartan bertan behera utzi zuten ordura arte indarrean zegoen legedia. Haren arabera, telefono kabinak zerbitzu unibertsalak ziren. Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) gaiari buruzko txostena igorri zion Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioari, eta zerbitzuaren derrigortasuna aztertzeko proposatu zion, modu horretan kabinen desagertzeari atea irekiz.

Arana kalean zegoen azken kabinetako bat. 

Dena den, askotariko arrazoiak tarteko hainbat aldiz atzeratu zuten telefono kabinak mantentzen zituen legea indargabetzeko asmoa. Hala ere, 2021 urtearen amaieran, Espainiako Gobernuak erabaki zuen telefono kabinak kentzea: hala jaso zuten Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu zuten Telekomunikazio Lege Orokorrean. 2022. urteko bigarren seihilekoan desagertuko zirela jakinarazi zuten orduan.

Erretiroa luzatu den arren, dagoeneko ez da kabinarik gelditzen Azpeitian. Zenbat postontzi gelditzen dira herrian? Ea zenbat irauten duten...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide