Ibai Angulok irabazi du Kobaz Koba Traileko 15 kilometroko proba

Nerea Uranga 2024ko ots. 18a, 16:21

Ibai Angulo gaur Zestoako Kobaz Koba probaren helmugara iritsita. (Intza Trula)

Hirugarren urtez egin du Zestoako Kobaz Koba Traileko Artzei ibilbidea, eta hirugarrengoan txapela lortu du urrestildarrak.

Gaur jokatu da Zestoan VIII. Kobaz Koba mendi lasterketa, 625 korrikalarik parte hartuz; iazko edizioan baino 133 gehiago. Bi proba jokatu dira: 26 kilometroko Zaldei ibilbidea eta 15 kilometroko Artzei ibilbidea. Ibai Angulo urrestildarrak irabazi du bigarren proba hori, 01:11:38 denbora eginda. Haren atzetik bigarren egin duen Dani Lopez de Mendigureni bi minutuko aldea atera dio; 01:13:55 denboran bukatu du bigarrenak. Artzei ibilbidea proban emakumeetan txapelduna Ainara Urrutia aretxabaletarra izan da, lasterketa 01:25:59 denboran osatuta.

Hirugarren aldiz parte hartu du Angulok Kobaz Kobaren Artzei ibilbidearen proban, eta hirugarrengoan txapela lortu du. Lasterketa bukatu berritan azaldu duenez, denboraldiko lehen proba egin du Zestoan, eta antzeman egin du hori. Hala ere, proba osoan zehar "neurrian joaten" saiatu da, eta ondo atera zaio.

Zaldei ibilbidea edota proba luzea bukatzen aurrenak ere bi gipuzkoar izan dira: Iraitz Legorburu getariarra (02:18:15) eta Oihana Zubillaga anoetarra (02:45:44).

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide