Etxean nahiz kanpoan irabazi egin du Lagun Onakek

Nerea Uranga 2024ko ots. 19a, 10:23

Lagun Onakeko Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldea, zapatuan Garmendipen. (Lagun Onak FT)

Hiruna puntu eskuratu dituzte asteburuan Espainiako Hirugarren Mailako eta Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakeko bi futbol talde nagusiek.

Zapatuan jokatu zituzten asteburuko jardunaldiak Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiek, Espainiako Hirugarren Mailakoak eta Emakumeen Ohorezko Erregional Mailakoak, eta biek aldeko emaitzak lortu zituzten, hiruna puntu eskuratuta.

Zapatuan, 16:00etan, Garmendipeko futbol zelai nagusian jokatu zuen Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak Hernani B-ren kontra. 2-1 irabazi zuen Azpeitiko taldeak. Partidaren lehenengo zatian Lagun Onakekoek ez zuten lortu beren jokoa egitea, eta aurkarien jokoaren mende jardun zuten. Nahi bezala baloia arintasunez batetik bestera mugitzeko zailtasunekin ibili ziren Eguzkiñe Peñak gidatutako jokalariak. Jokoan kontrakoak baino gehiago izan arren, baloiaren jabe egitea kostatu egin zitzaien etxekoei. Hala, 44. minutuan, aurkako taldearen aldeko korner batean gola sartu zieten Lagun Onaki. Horrenbestez, 0-1 galtzen bukatu zuten lehen zatia.

Atsedenetik bueltan, Lagun Onakekoek bestelako jokoa erakutsi zuten futbol zelaian, hobeto jokatuz eta aurkariei min eginez. Kontrakoen joko zelaia mendean hartu zuten etxeko jokalariek, eta baloia arintasunez batetik bestera mugitzen jakin zuten. 83. minutuan lortu zuen Lagun Onakek lehen gola; bakarkako jokaldi batean, penaltia lortu zuen June Casinak, eta gola sartu zuen Naia Etxeberriak. Minutu barru, Lagun Onaken aldeko korner baten ondoren, 86. minutuan, Sara Amenabarrek bigarren gola egin zuen. Ondo sufritutako partida izan zen Lagun Onakekoentzat, baina hiru puntu lortuta, pozik gelditu ziren taldekideak.

Mutilak Durangori aurrea hartuta

Gol gutxiagorekin, baina garaipena eskuratuta etxeratu zen  Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak taldea zapatuan Durangotik (Bizkaia). 17:00etan hasi zuten partida, eta 0-1 eginda, hiru puntu gehiago lortu zituen Azpeitiko futbol taldeak.

Serio aritu ziren Lagun Onakeko mutilak Durangokoen kontra, aurrez aurre jokatuz. Bederatzigarren minuturako aurretik jarri zen Riberak gidatzen duen taldea, Bengoetxeak sartutako gol ederrari esker. Garaipenari bidea zabalduta, hortik aurrera joko bikaina erakutsi zuten Azpeitikoek. Durangokoek Andoni Errastiren atera iristeko ahalegin bat baino egin zituzten, baina ez zuten lortu halakorik.

Atsedenetik bueltan, lehen zatian egindako jokoarekin jarraitu zuen aurkarien zelaian Lagun Onakek. Durangok, berriz, nahi eta ezina erakutsi zuen jokoan, eta azkenean, garaipena Azpeitikoentzat izan zen. Riberak gidatzen duen taldea ere, hiru puntu lortuta gustura da.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide