Jonathan Escapa Etxaniz artista azkoitiarrak lorategi berri bat ondu du. Bere lorategia. Ostiralean ireki zuen Final Fantasy Love izeneko erakusketa Sanagustin kulturgunean eta Foru Ibilbideko eraskusketa aretoan, eta bertan jarri ditu ikusgai proiektuaren barruan ondutako piezak. Kulturaz kooperatibak sormenari irekitako Doi egitasmoaren barruan prestatu dute esposizioa. Sormena babesteko eta sortzaileen lana ikustera emateko jarri dute abian Doi.
Askotariko elementuek osatzen dute Escaparen erakusketa: oihalek, marrazkiek, apaingarriek, loreek...Azkoitiarrak haren praktika artistikoa "materialtasun, keinu eta imajinario berrien etengabeko ikerketa batean" oinarritzen du. Lehengaiekin ez ezik, fabrikatutako objektuekin, aurreko proiektuen zatiekin edo aurkitutako elementuekin egiten du lan.
Joseph Brodskyren aipu bat hautatu du Final Fantasy Love erakusketako testuaren abiaburu: "Gure ondoren, gure lekuan antzeko gauzaren bat azalduko da, ezagutu gaituztenei izua eragingo diena. Nahiz eta ez diren asko izango oroitzen gaituztenak. [...] Lorategi bat dago hemen haientzat; bai, lorategi bat".
Eta honako hau da azalpen txartelean jasotako mezua: "Odola bultzatzen duen maitasuna, basatia eta legerik gabea. Bizitza bor-bor barruan, hantura moduan. Izurren igurtziak erdi lo dagoen azala esnatzen du. Oihaneko txara itxiak azpian harrapatu ditu gorputzak, babes mintza bailitzan. Arima horien magia, mugak hausten, edertasunaren neurriak asmatzen berriz. Zelai zabal baten gisan hedatzen da, udaberri-lore bizi-biziz betea. Gainezka eginez. Hain daude ohituta utzitako lorategietan bizitzen, nor sentitzea miraria baita".
Martxoaren 3ra bitarte egongo da ikusgai Escaparen lana Sanagustinen eta Foru Ibilbidean. Azken horretan honako ordutegian bisita daiteke erakusketa: Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.
Udaberria amaitu bitarte Pello Ulazia eta Irati Antiaren obrak ezagutzeko aukera ere izango da Doi egitasmoaren barruan.