Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketetarako prestatzeko emakumeei zuzendutako bosgarren eta azken entrenamendu saioa egingo dute datorren larunbatean, martxoaren 2an. Hain zuzen, 08:00etan jarri dute hitzordua, Azpeitiko igerilekuan.
Hala, 15 MLK probako lehen zatia egingo dute lasterkariek. Denboraz eta kilometroz gehiegi ez luzatzeko, ordea, Xoxoteraino igo beharrean Urreta baserritik beherako bidea hartuko dute. Ohi bezala, entrenamendua amaitzean dutxatzeko aukera egongo da, eta amaitzeko hamaiketakoa egingo dute. Zozketak ere izango direla jakinarazi dute.
Antolatzaileek gogorarazi dute parte hartzeko gizon batek gutxienez emakume batek lagunduta joan beharra daukala, entrenamendu saio hauen helburuetako bat mendi lasterketetan emakumeen parte hartzea sustatzea baita.
Izena emateko aukera zabalik dago jada, honako lotura honetan.