Garaipena eta berdinketa Lagun Onaken talde nagusientzat

Intza Trula 2024ko ots. 26a, 11:30

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiko goleatzailea gola ospatzen. (Utzitakoa)

Atzo, igandea, jokatu zituzten Lagun Onaken talde nagusiek jardunaldiko partidak. Gizonen talde nagusiak etxean jokatu zuen, eta 2 eta 1 irabazi zion Leioa taldeari. Emakumeen talde nagusiak Beasainen (Gipuzkoa) jokatu zuen, Goierri Gorri taldearen aurka. 1 eta 1 amaitu zen neurketa.

Lagun Onakeko talde nagusiek garaipena eta berdinketa eskuratu dituzte asteburu honetan. Espainiako Hirugarren Mailako gizonezkoen taldeak atzo arratsaldean jokatu zuen jardunaldiko partida, Garmendipe futbol zelaian, Leioa taldearen aurka. Hiru puntuak etxean geratu ziren, 2 eta 1 amaitu baitzen neurketa. 

Partida ona jokatu zuten azpeitiarrek hasieratik amaierara arte. Lehen zatian baloiaren jabetza antzerakoa izan zuten bi taldeek, eta ez zuten gola sartzeko aukera garbirik izan. Bigarren zatiko lehen hamar minutuetan hobeto jardun zuen Leioak, baina azpeitiarrek ez zuten amore eman. Hala, 77. minutuan Erdozia aurrelari hernaniarrak sartu zuen partidako lehen gola.

Partida aurrera joan ahala Leioa taldeak Lagun Onaken atera hurbiltzen jarraitu zuen, eta 90. minutuan lortu zuen markagailua berdintzea, korner batean. Azpeitiarrek estutzen jarraitu zuten, eta neurketari minutu gutxi batzuk geratzen zitzaizkionean lortu zuten garaipenaren gola: 92. minutuan sartu zuen gola Aitor Muñozek.

Datorren jardunaldian Deusto taldearen aurka jokatuko du Espainiako Hirugarren Mailako gizonezkoen taldeak.

Emakumezkoen taldeak, berdindu

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak atzo jokatu zuen Beasaingo (Gipuzkoa) Igartza futbol zelaian, Goierri Gorriren aurka. Puntu bana eskuratu zuten taldeek, 1 eta 1 amaitu baitzen neurketa. 

Lehen zatian bikain jardun zuen defentsa lanetan Azpeitiko taldeak, baina ez zuen guztiz asmatu kontraerasoan. Bigarren zatian antzerako dinamikarekin jarraitu zuen partidak, eta 65. minutuan egin zuen Irati Olaizolak hainbeste esperotako gola, Maria Sorazuk defentsaren artetik egindako pase baten ostean. Neurketaren azken minutuetan, ordea, pauso bat aurrera egin zuen Beasaingo taldeak, eta 82. minutuan berdinketaren gola lortu zuen, areaz kanpoko jaurtiketa batean. Etxeko taldearen golaren ondoren atzean sartu ziren azpeitiarrak, eta amaierara arte sufritu behar izan zuten bigarren golik ez jasotzeko. 

4. postuan da eta 38 puntu ditu gaurko egunez Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak. Mariño Real Union taldearen aurka jokatuko dute asteburu honetan, Garmendipeko futbol zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide