Sailkapeneko azkenaren etxetik garaipenarekin itzuli dira Iraurgiren emakumeak

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 26a, 12:08

Aurreko asteko Domusa Teknik ISB-Viladecans partidako irudia. (Mikel Amenabar)

Hasieratik bukaerara nagusitu zen Domusa Teknik ISB Heliosen kantxan (61-84), eta LF2ko B multzoaren hirugarren postuari eusten dio Azpeiti-Azkoitiko saskibaloi taldeak.

Domusa Teknik ISB saskibaloi taldeak Espainiako LF2 ligaren B multzoaren sailkapenean bi garaipenekin azken tokian dagoen Azulejos Moncayo Helios taldearen etxean jokatu zuen herenegun, eta ez zuen aukera alferrik galdu. Hemeretzigarren jardunaldiari zegokion neurketa 61-84 irabazi zuen Luir Agirre Katxi-k gidatzen duen taldeak, hasieratik bukaerara erraz nagusituta.

Lehen laurdena 19-22 bukatu zen eta horixe izan zen parekatuena. Atsedenaldira 9 puntuko aldearekin iritsi zen Azpeiti-Azkoitiko taldea (35-44), eta bigarren zatian aldea handitzen joan zen: hirugarren laurdenean lortu zuten abantailarik garbiena Iraurgiren emakumeek (17-27), eta neurketaren bukaerarako 23 punturen tartea ireki zuen, azken laurdena 9-13 irabazita. Hemeretzi partidatatik 14 irabazita, bere multzoko sailkapenaren hirugarren tokian mantentzen da Domusa Teknik ISB, igoera faserako txartela ematen duten postuetan. Datorren zapatuan, martxoaren 2an, euskal derbia jokatuko dute Iraurgikoek Ibaizabalen aurka, Azkoitian, 17:00etan.

Juaristi ISBk ez du jokatu joan den asteburuan, Zilarrezko LEB Ligan lehiarik ez baita izan. Datorren igandean, martxoaren 3an, Huelvan jokatuko du Iraurgiren gizonen talde nagusiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide