Zelai Luzen jarri dute Gernikako arbolaren kimu berria

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 26a, 14:00

Asterburuan Zelai Luzen landatu duten Gernikako arbolaren kimua. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, zuhaitza erori egin zela jakin ostean, herritar batek udalari jakinarazi zion etxean Gernikako arbolaren bi kimu zituela, eta prest zegoela bat emateko udalak landa zezan. Lehen egurrezko txorimaloa zegoen lekuan egin diote leku Gernikako arbolari, liburutegiaren aurrean. 

Done Jakue kalekoaren faltan, Gernikako arbola berria du Azpeitiak. Asteburuan landatu dute Gernikako arbolaren kimu berria Zelai Luzen, Enparan dorretxetik gertu. Hain zuzen, lehen egurrezko txorimaloa zegoen lekuan egin diote leku Gernikako arbolari, liburutegiaren aurrean. 

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, zuhaitza erori egin zela jakin ostean, herritar batek Azpeitiko Udalari jakinarazi zion etxean Gernikako arbolaren bi kimu zituela, eta prest zegoela bat emateko udalak landa zezan. Erakundeak baiezkoa eman, eta horrela egin du. Hainbat aukera aztertu ostean, eta "adituen gomendioari jarraituz", udalak Foru Ibilbidean landatzea erabaki du, Zelai Luzen, liburutegiaren aurrean. Udalak azaldu duenez, "haritzak eguzkia behar du, eta gune hori lehengo tokia baino egokiagoa da zuhaitzaren osasunarentzat". Era berean, erakundeak jakinarazi du egurrezko txorimaloa "egoera txarrean" zegoela, eta horregatik kendu dutela. 

Joan den azaroaren 22an erori zen Done Jakue kalean zegoen Gernikako arbola. Imanol Eliasek Uztarriarekin batera plazaratutako Efemerideak liburuan jasota dagoenez, 1905ean ekarri zuten Gernikako arbolaren kimua herrira, eta 1912an erabaki zuten Done Jakuen jartzea.

Oraingoz, ez dute jakinarazi zer egin edo jarriko duten Done Jakuen zuhaitza zegoen eremuan. Azken asteetan eremua garbitzen eta txukuntzen aritu dira. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide