Euri jasa handiak egin ditu bart, eta urak handi datoz; Urola ibaiak gainezka egin du goizaldean ohiko uholde guneetan. Madalenan, esaterako, ibaiak gainezka egin du, eta uneotan eremua itxita dago. Madalenako zenbait bizilagunek azaldu dute gauean ura ateratzen jardun dutela haien kabuz, egoeraren larria ikusita. Ezkuztan ere gainezka egin dute urek: udalak 10:15ean jakinarazi duenez, Azpeitia eta Zestoa artean errepidea itxita dago pare horretan.
Oro har, errepideetan kontu handiarekin ibili beharra dago. Ezkuztan ez ezik, Zestoa eta Azpeitia bitartean gainezka egin du Urolak toki askotan, eta bazterretan putzu handiak daude; Ezkuzta parean itxita dago errepidea eta Alberdi baserriaren parean ere bai. Soilik kamioiak eta autobusak pasatu daitezke. Urrestilla aldera ere putzu handiak daude Larrin eta Aginetxe bitarteko bihurguneetan. Lasaorako bidegorria ere itxi egin dute.
Bestalde, euriteak lur jauzia eragin du Azkoitia eta Zumarraga lotzen dituen GI-631 errepidean, eta ondorioz, Azkoitia eta Aizpurutxo arteko errepide zatia itxi egin du Ertzaintzak, hura garbitu bitartean.
Ibai ondoko garajeak husteko eskaera
Madalena inguruan ez ezik, Enparan kaleko garajeetan ere kalteak eragin ditu urak; izan ere, uholdeak izan dira garaje horietan, eta bizilagunek ezin izan dituzte autoak ohiko eran atera.
Udalak 09:50ean jakinarazi duenez, Jose Artetxe kaleko ibai aldeko garajeetan ere sartu da ura. Horren haritik, Udaltzaingoak ibai ondoetako garajeetatik ahal dela ibilgailuak ateratzeko eskatu du, eta jakinarazi du trukean Jesuitinetako jolaslekua ireki dutela, ibilgailu horiek nahi izanez gero han aparkatzeko.
Litro asko ekarri ditu Monika ekaitzak Euskal Herrira, haize zakarrak lagunduta, gainera, eta eguerdira arte behintzat euriak mardul botatzen jarraituko duela aurreikusi dute. Euskalmeten arabera, Urolako arroan, Ibai Eder estazioa maila laranjara iritsi da goizaldean.
#Urola
— Euskalmet (@Euskalmet) February 27, 2024
💧🟠#AlertaLaranja #euria #uholdea
🟠Urolako arroan, Ibai Eder estazioa maila laranjara iritsi da.
🟠En la cuenca del Urola, la estación de Ibai Eder ha subido a nivel naranja. pic.twitter.com/pwYwtd6yjp
Jose Artetxe kaleko garajeetara ere sartu da ura. Udaltzaingoak gomendatu du hondarrezko zakuak jartzea ibai ondoan dauden garajeen sarreretan.#azpeitia #denontzat pic.twitter.com/BjHU3JlOAr
— Azpeitiko Udala (@AzpeitikoUdala) February 27, 2024