Ibaiak gainezka, eta euriak etenik ez

Erredakzioa 2024ko ots. 27a, 17:00

Irudi ikusgarriak utzi ditu egunean zehar ekaitzak. Ibaiak urez gainezka izan dira, eta arratsaldean euriak apaltzera joko duela iragarri dute. Dagoeneko (17:00) ireki dute Zestoa eta Azpeitia arteko bidea, eta autobusak ere berreskuratu dute zerbitzua. Dena den, oraingoz, errepideetan tentuz ibiltzeko deia egin dute. Anbulatoriora ere sartu da ura, baina suhiltzaileak arratsaldean hasiko dira handik ura ateratzen.

Euri jasa handiak egin ditu bart, eta Urola ibaiak gainezka egin du herriko hainbat txokotan. Gainera, euriak kalteak eragin ditu zenbait garajetan. Madalenan, goizaldean egin du gainezka ibaiak, eta eremua itxi dute. Madalena inguruan ez ezik, Enparan kaleko garajeetan eta Jose Artetxe kaleko ibai aldeko garajeetan ere sartu da ura. Horren haritik, Udaltzaingoak ibai ondoetako garajeetatik ibilgailuak ateratzeko eskatu du, eta jakinarazi du erraztasunak emate aldera Jesuitinetako jolaslekua ireki dutela, ibilgailu horiek nahi izanez gero han aparkatzeko.

Errepideetan kontu handiarekin ibili beharra dago. Azpeitia eta Zestoa arteko errepidean hainbat izan dira urak eragin dituen kalteak, baina dagoeneko ireki dute bidea (17:00). Gainera, autobusek haien geldialdiak berreskuratu dituzte Zestoan. 

Urrestilla aldera ere putzu handiak izan dira Larrin eta Aginetxe bitarteko bihurguneetan. 

Foru Ibilbideko hainbat saltokitan argia joan da, eta energia sorgailuekin aritu dira lanean. Saltoki horietako koadro elektrikoak kaltetu dira. 

Anbulatorioan ere, ura

Urola ibaiko ura anbulatoriora ere sartu da, eta bertan behera utzi dituzte lurpeko solairuko zerbitzuak. Dena den, gainerako solairuetan eta zerbitzuetan ohiko martxan ari dira lanean. Suhiltzaileak arratsaldean hasiko dira handik ura ateratzen. 

Litro asko ekarri ditu Monika ekaitzak Euskal Herrira, haize zakarrak lagunduta, eta eguerdira arte behintzat euriak mardul botatzen jarraituko duela aurreikusi dute. Euskalmeten arabera, Urolako arroan, Ibai Eder estazioa maila laranjara iritsi da goizaldean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide