Euriteen arrastoak biharamunean

Mailo Oiarzabal eta Nerea Uranga 2024ko ots. 28a, 10:07

Ibaien ur maila bere onera itzuli da, baina euriteak eragindako ondorioak zuzentzen ari da Azpeitiko Udala. Gauean, Azpeitia eta Beasain arteko errepidean, Matxinbentan lur jausia izan da, eta une batez itxita egon da ibilgailuentzako.

Atzo euriteen ondorioz, Urola eta Ibaieder ibaiek gainezka egin zuten Azpeitian zenbait puntutan, eta gaur biharamunean, ondorioak antzematen dira. Madalena auzoan, esaterako, Azpeitiko Udaleko brigadako langileak ari dira auzoa garbitzeko lanetan; garbiketa lanak bukatu bitartean Soreasutik Madalera arteko bidea itxita dago ibilgailuentzako.

Goizealdean, berriz, lur jausia izan da Azpeitia eta Beasain arteko GI-2635 errepidean, Matxinbentan; hain zuzen ere, Zuaneta baserritik gertu. Luizia gertatu berritan, errepidea garbitu bitartean itxita izan da ibilgailuentzako, baina ireki dute dagoeneko.

Ibai Eder urtegia gainezka dago, %101,36ko betetze maila du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide