Ikasle Jaialdia antolatu du IAk ostiralerako

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 28a, 11:13

Ikasle Abertzaleen afari bateko artxibo irudia.

Martxoaren 20ko ikasle grebaren atariko egingo dute jaialdia ostiralean. Futbito txapelketa, afaria eta kontzertuak egingo dituzte gaztetxean. Gaur itxiko da futbito txapelketan eta afarian izena emateko epea. 

Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak Ikasle Jaialdia egingo du ostiralean Azpeitiko Gaztetxean. Azaldu dutenez, martxoaren 20rako deitu duten ikasle grebaren harira prestatu dute egitaraua. Greba deialdiaren barruan beste hainbat ekintza ere egin dituzte, eta joan zen astean, esaterako, asanblada irekiak egin zituzten ikastetxeetan. Orain, aisialdiko eskaintzarekin uztartuko dute protesta, eta futbito txapelketa, afaria eta kontzertuak prestatu dituzte ostiralerako.  

Futbito txapelketa 17:00etan hasiko da, eta bertan izena emateko azken eguna gaur da. DBH3tik bigarren batxilergora arteko ikasleei zuzendutako txapelketa izango da, eta horiek soilik har dezakete parte. 

Ondoren, 20:30 aldera, afaria egingo dute gaztetxean bertan. Afarirako ere izena eman behar da aurrez, eta gaur amaituko da horretarako epea. Eguna borobiltzeko Azpeitiko bi musika talde igoko dira oholtzara: Jipoituak eta Labankada. 

Afarira eta kontzertuetara joan nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta kontzertuetarako sarrera bi eurokoa izango da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide