Erromeriazaleen plaza bilakatuko da larunbatean Sanagustin

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 29a, 12:39

Trikigiro eguneko artxiboko irudia. (Kulturaz)

Trikigiro elkarteak antolatuta, erromeria izango da zapatu arratsaldean Azpeitian. Bertan parte hartuko dute Elizagoien ahizpek, Zabalek, Lutxurdiok eta Enaitzek. "Inguruan trikiti eta erromeriazaletasuna" badagoela ikusita erabaki dute egitasmoa antolatzea. 

Azken urteetan trikitizaleen egutegietan gorriz borobildutako hitzordua izan da Trikigiro eguna. Aurten, ordea, horren osagarri, erromeria antolatu du Trikigiro elkarteak, Kulturaz kooperatibarekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Hori dela eta, Sanagustin kulturgunea erromeriazaleen plaza bihurtuko da larunbatean, martxoaren 2an.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Trikigiro eguna “ondo” irteten denez eta “inguruan trikiti eta erromeria zaletasuna" badagoela ikusita erabaki dute erromeria antolatzea. “Urteko egitaraua zabaltzeko eta osagarritzeko egoki ikusi genuen erromeria bat antolatzea, lehengo usadio zaharrei jarraituz, eta zaletasuna dutenek dantzarako plaza izan dezaten”, zehaztu dute Trikigiroko kideek.

Dena den, adierazi dute, ez dela "hutsetik” hasitako egitasmoa izan. Erromeria antolatzerako, hainbat jenderen iritzia jaso dute antolatzaileek: "Ez da zerotik antolatutako zerbait izan. Erromerietan ibiltzen den jendearen iritziak jaso genituen, baita Azpeitian dantzan aritzen diren hainbat lagunekin hitz egin ere. Haiek begi oneko ikusten zutela jakinda, aurrera egitea erabaki genuen. Gainera, lanerako indarra eman ziguten”. Hori dela eta, jendea hurbilduko dela aurreikusten dute. Dena den, erromeria atsegin duen orori dei egin diote zapatuko juntadizora bertaratzeko.

Larunbatean, bi talde arduratuko dira trikiti eta pandero doinuak Sanagustinera eramateaz. "Alde batetik, eskualdeko talde bat igoko da oholtzara. Hain zuzen, Zabalek, haren seme Enaitzek eta Lutxurdiok eskainiko dute emanaldia. Bestetik, Nafarroatik etorrita, Elizagoien ahizpak arituko dira zuzenean. Uneotan erromeria taldeen punta-puntan daude horiek", azaldu dute antolatzaileek.  

Trikigiro elkarteko kideek aurreratu dutenez, hiru orduko saioa izango da larunbatekoa, eta 18:30etik 21:30era egingo dute erromeria. "Ondoren, norbanako bakoitzaren esku geldituko da dantzan jarraitu edo afaritara joan", diote. Hori bai, Trikigiro egunean ez bezala, ez dute afaririk antolatu larunbaterako. 

Aire! dokumentala, asteburua borobiltzeko

Plazan ez ezik, pantailan ere protagonista izango da erromeria asteburuan; izan ere, Aire! dokumentalaren emanaldia eskainiko dute igandean, 19:30ean hasita, Soreasu antzokian. Kulturazek programatu du proiekzioa, baina larunbateko hitzorduaren osagarri gisa emango dute.

Dokumentalak Maurizia Aldaiturriaga pandero jotzailearen izana eta ibilbidea dakar gogora gazte talde baten istorioaren bidez. Ikus-entzunezkoak 14 gaztek musika pieza bat sortzeko egindako sormen prozesua kontatzen du. Herri musikan adituak diren hiru kideren laguntzaz, Arratiako kantu tradizional bat birsortu beharko dute protagonistek, Mauriziaren figura eta bizipenetan oinarrituta, hamar egunetan.

Hona hemen ikus-entzunezkoaren trailerra: 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide