Juan Antxieta musika eskolako musikariek Haize Arrosarekin joko dute bihar

Nerea Uranga 2024ko ots. 29a, 11:46

Haize Arroxa taldea.

Bihar, ostirala, Albina & Divina, Eider eta Haize Arrosa taldearen kontzertuak izango dira, 21:30etik aurrera, Sanagustin kulturgunean. Azken talde horrekin parte hartuko dute Azpeitiko musika eskolako pandero jotzaileek.

Bihar, ostirala, Juan Antxieta musika eskolako 30 pandero jotzaile inguru Haize Arrosa taldearekin ariko dira Sanagustin kulturguneko agertokian. Haize Arrosa taldea 2022. urtean sortu zuten, eta Ez dogu zor ezer lana aurkeztuko du bihar Azpeitian eskainiko duen kontzertuan. Bizkaiko talde honek, Kulturazekoen bidez, Azpeitiko musika eskolako pandero jotzaileei eskaini zien biharko kontzertuaren hasieran parte hartzeko aukera, eta 30 pandero jotzaile inguruk eman dute parte hartzeko izena.

Haize Arrosa taldearen kontzertuaz gainera, bihar, 21:30ean, Sanagustin kulturgunean beste bi emanaldi ere izango dira. Alde batetik, Albina & Divina dragen saioa izango da; alegia, Albina Stardust eta Divina Comedia artistek umorez eta aldarrikapenez osatutako ikuskizuna eskainiko dute. Eta bestetik, Eider Saez bakarlariak, Loratzen lana aurkeztuko du Sanagustin kulturguneko agertokian.

Kontzerturako sarrerak 11 euro balio dute, eta Kulturaz.eus webgunearen bidez aurrez eskuratu daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide