Eskualdeko traktore karabana Aiatik abiatu da Donostiara

Andrea Zipitria - Andoni Elduaien 2024ko mar. 1a, 11:41

Ubegun industriagunea txiki geratu da gaur goizeko lehen ordu hauetan. Izan ere, Gipuzkoako baserritarrek, EHNE zein ENBA sindikatuek eta Baso Elkarteak mobilizatzeko deia egin dute gaur, eta hiru traktore ilara ziren abiatzekoak Gipuzkoako puntu ezberdinetatik; horietako traktore ilara bat Urola Kosta eskualdetik abiatu da, hain zuzen Aiako Ubegun industriagunetik.

Gipuzkoako nekazariek Batzar Nagusietara eraman dituzte gaur beraien aldarrikapenak, ENE eta ENBA sindikatuek babestutako lehen mobilizazio handian. Goizeko lehen orduan hiru traktore karabana abiatu dira Gipuzkoako puntu ezberdinetatik, eta horietako bat Urola Kosta eskualdetik atera da, zehazki Aiatik. 

Eskualdeko hainbat baserritar Meagatik abiatu dira aurrena, eta bata bestearen atzetik joanda, Aiako Ubegun industrialdean elkartu dira. Handik abiatu da Urola Kostako karabana 09:00etan, eta Oriotik barrena, Donostiarako bidea hartu dute.

Hain justu, Donostian egingo dute bat lurraldeko hiru traktore karabanek, eta han hiria kalerik kale zeharkatuko dute egoera salatzeko eta aldarrikapena zabaltzeko. Gero, Batzar Nagusien egoitzara zuzenduko dira nekazariak, elkarretaratzea egiteko eta manifestua irakurtzeko. 

Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentearekin eta alderdi ezberdinetako ordezkariekin ere bilduko dira protestarekin bat egin duten ordezkariak. EHNE eta ENBA sindikatuek jakinarazi dutenez, 38 erakundek, eragilek eta enpresek bat egin dute protestarekin, "lehen sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko eta laborarien ustiapenen bideragarritasuna defendatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide