Bi azpeitiar, gaur Aizarnazabalen hasiko den Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketan

Ane Olaizola 2024ko mar. 1a, 16:32

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako iazko jardunaldi bat, Errezilen. (Bertsozale elkartea)

22 bertsolarik parte hartuko dute Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatzen duten txapelketan, eta horien artean daude Joanes Azpillaga eta Suhar Gesalaga. Aizarnazabalen kantatuko dute biek gaur gauean.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa antolatu dute, eta Aizarnazabalen izango da aurreneko kanporaketa, gaur. Guztira, lurralde osoko 22 bertsolarik parte hartuko dute txapelketaren 44. edizioan, eta horietatik bi azpeitiarrak dira: Joanes Azpillaga eta Suhar Gesalaga.

Aizarnazabalgo Mikel elkartean bilduko dira gaurko saioan parte hartuko duten bertsolariak eta bertsozaleak: 20:00etan afaria izango da, eta 22:00etan hasiko da saioa. Hain zuzen, txapelketan parte hartuko duten eskualdeko lau bertsolariak –bi azpeitiarrak, Jakes Etxeberria zarauztarra eta Urko Arakistain zumaiarra– Aizarnazabalen ariko dira kantuan, Jare Antzizarrekin eta Kattalin Arabolazarekin batera. 

Txapelketaren datozen jardunaldiak Andoainen, Legazpin eta Oiartzunen jokatuko dituzte, martxoaren 8an, 15ean eta 22an. Apirilaren 12an, berriz, Lasturren izango da finala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide