Egun gutxi batzuk baino ez dira falta 23. Korrikarako, eta motorrak berotzeko, Harro Euskaraz Eguna antolatu du AEK-k Azpeitian. Martxoaren 16an askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango da herrian. Haurrentzako jolasekin hasiko dute eguna, eta 12:00etatik 13:00etara bitartean, herri kirolak egingo dituzte. Marrazkiak egiteko zein aurpegiak margotzeko aukera ere izango dute.
Jarraian, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute Berdura plazan. Elikaguneak, elikadura burujabetzari lotuta duen filosofiari jarraituz, bertako produktuez egindako bazkaria prestatuko du, haurrentzat zein helduentzat, eta zeliako zein begetariano aukerak ere eskainiko dituzte. Bazkaldu ostean, bingo musikatua egingo dute Berdura plazan bertan. Bazkarirako txartelak Sanagustinen erosi beharko dira martxoaren 9a baino lehen. Helduen txartelak 20 euroko prezioa du, eta haurrenak 12 eurokoa.
Arratsaldean, 19:00etan hasita, Skapaie elektrotxarangaz gozatzeko aukera izango da.