Iraurgi saskibaloi elkarteak eta Elmubas enpresak babesletza hitzarmena egin dute

Nerea Uranga 2024ko mar. 1a, 16:32

Iraurgi SBko Ibon Guridi eta Elmubas enpresako Nerea Filgueira, gaur Azpeitiko kiroldegian. (Nerea Uranga)

Akordioaren ondorioz, Iraurgi saskibaloi elkartearen eskolak Elmubas ISB Saskibaloi Eskola izena hartuko du. Hiru urterako babesletza adostu dute, eta bi aldeak pozik azaldu dira.

Iraurgi saskibaloi elkarteak eta Elmubas enpresak hiru urterako babesletza hitzarmena egin dute. Akordio horri esker, klubaren eskolak Elmubas ISB Saskibaloi Eskola izena hartuko du.

Gaur eman dute hitzarmenaren berri Azpeitiko Kiroldegian Iraurgi saskibaloi elkarteko Ibon Guridik eta Elmubas enpresaren ordezkari Nerea Filgueirak. Bi aldeak oso pozik azaldu dira egin duten babesletza akordioarekin. Guridik Elmubas eskertu du, eta adierazi du haurrak "saskibaloian eta kirolean hezten eta haiei baloreak transmititzen" jarraitzeko laguntza garrantzitsua dela Elmubasena. Gaur egun Azkoitiko eta Azpeitiko 200 haur inguru dabiltza saskibaloi eskolan, eta horiek Gipuzkoan zehar jokatuko dituzten saskibaloi topaketetan Elmubas ISBren izenean jokatuko dutela esan du. Horrez gain, eskualdeko enpresetatik jasotzen duten laguntza ISBk aurrera egiteko ezinbestekoa duela azpimarratu du.

Elmubaseko Nerea Filgueira ere pozik azaldu da Iraurgi SBrekin egindako akordioarekin. "Elmubasen kalitateari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu hitz egiten guk ekoizten dugun produktuaren kalitateaz bakarrik. Guretzako eskualdeko era honetako ekimenak laguntzea ere kalitatea da. Iraurgik aukera ederra eskaini digu saskibaloi eskola eta bere baloreak babesteko, eta oso eskertuta eta pozik gaude".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide