Maiatzaren 4an jokatuko dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa, eta ibilbidea ezagutzeko bi irteera prestatu dituzte antolatzaileek. Larunbat honetan egingo dute lehen irteera; hain zuzen ere, Azpeititik Mandubira arteko bide zatia egingo dute; 34 kilometroko luzera eta 2.000 metroko desnibel positiboa ditu ibilbideak. Korrikalariak 07:45ean elkartuko dira plazan, eta 08:00etan abiatuko dira. Erritmo ezberdinetako taldeak osatuko dituzte, eta hemeretzigarren kilometroan anoa gunea izango da. Hala eta guztiz ere, guztiei gomendatu diete norberaren jan-edana eta arropa egokia eramatea saiora.
Ibilbidea amaitzean, Mandubian zain izango dute autobusa partaideek Azpeitira itzultzeko. Gainera, nahi duenak Azpeitiko igerilekuan dutxatzeko aukera izango du. Antolatzaileek adierazi dute, dena den, goizean ez dela kontsigna zerbitzurik izango. Zabalik dago irteeran izena emateko epea, Lagun Onak mendi bazkunaren atarian; bost euro ordaindu beharko da bertan parte hartzeko.
Mendi lasterketaren bigarren zatia ezagutzeko irteera datorren astean egingo dute, hau da, martxoaren 16an. Mandubitik Azpeitira arteko zatia egingo dute egun horretan. Guztira, 65 kilometroko distantzia du ultra trailak, eta Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama zeharkatzen ditu.