Organoaren historiaren eta Azpeitiko parrokiako organoaren historiaren zertzeladak zein Juan Amezuak XIX. mendean eraikitako instrumentu erraldoi horren xehetasun guztiak ezagutzeko aukera izan dute gaur eguerdian Soreasuko Sebastian Donearen elizan elkartu diren 30 bat herritarrek.
Organoa deskubritzen goiburua zuen Fray Joseph Echevarria organoaren lagunen Gipuzkoako elkarteak Juan Antxieta musika eskolarekin elkarlanean antolatutako bisita gidatuak, eta goiburuak agintzen zuena betetzeko azalpen guztiak eman ditu Itziar Urbietak, Loiolako basilikako organo jotzaile azpeitiarrak. Loreto Imaz organista kidearen ezinbesteko laguntza izan du horretarako Urbietak. Lehen azalpenak organoa behetik behatuz eman ditu Urbietak, eta segidan gidaria eta bisitariak korura igo dira. Han, bisitako parte hartzaileak kantariek hartzen duten tokian eserita eta abesbatzaren zuzendaria bailitzan, eman ditu bere azalpenak Urbietak. Organozaren ezaugarriak eta elementuak xehetu ditu, eta Urbietak aipatzen zuen elementu edo atal bakoitzak zer soinu ateratzen duen erakusten aritu da Imaz.