Ez da Aristerrazu, baina Aiako erromeria plaza ezagunaren jitea hartu zuen atzo arratsaldean Sanagustinek. “Inguruan trikiti eta erromeria zaletasuna" badagoela ikusita, eta udazken hasieran Azpeitian bertan ospatzen duten Trikigiro Eguna "osagarritzeko", Azpeitiko kulturgunean erromeria antolatzaea erabaki zuen Trikigiro elkarteak, Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak lagunduta. Eta Sanagustinen 18:30etik aurrera sortu zen giroa ikusita, Trikigirokoek asmatu egin dutela esan daiteke.
Elizagoien ahizpak lehendabizi eta Zabale, Lutxurdio eta Enaitz ondoren kulturguneko oholtza nagusira igota zirela, haien trikiti doinuak jarraituz dozenaka herritar batu ziren dantzara. Luix Beltzaren eskolako umeak eta gaztetxoak, gazteak, helduak... adin guztietako dantzariek astindu zituzten hankak eta gorputzak; gehiago izan ziren, hala ere, kanpoko euritik eta hotzetik ihesi haiei begira gozatu zutenak.