Treba Gurasoak eskaintzaren barruko hitzaldia emango dute asteazkenean Azoka Plazan

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 4a, 09:58

(Argazkia: Pixabay)

Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean hitzaldia eskainiko du Leyre Cano trebatzaileak, haur zein nerabeen gurasoei zuzenduta. Joan nahi dutenek izena eman dezakete aurrez Interneten, eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute.

Gipuzkoako Forua Aldundiaren Treba Gurasoak programaren barruko hitzaldia emango du etzi, asteazkena, Leyre Cano trebatzaileak Azpeitian. Haurren eta nerabeen guraso direnak hezkuntza gaitasunetan trebatzeko hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen ditu aldundiak Treba Gurasoak-en bidez; hain zuzen ere, etzi Azpeitian emango duten saioa haurren zein nerabeen gurasoei zuzenduta prestatu dute.

Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean izeneko hitzaldia eskainiko du Canok Azoka Plazako goiko aretoan, 18:00etan hasita. Hitzaldia doan da, baina joan nahi duten gurasoei formulario hau betetzea eskatzen zaie. Asteazkeneko hitzaldian ere aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide