Beste garaipen bat lortu du LF2 mailako Domusa Teknik ISBk. Zapatu arratsaldean jokatu zuen Galdakaoko (Bizkaia) Ibaizabal taldearen kontra, Azkoitiko kiroldegian; 64 eta 59 irabazi zuten Iraurgiko emakumeek. Lehen laurdenetik hasi ziren aurrea hartutako etxekoak (20-12) eta atsedenera ere markagailua aldeko (36-24) zutela iritsi ziren. Hirugarren laurdenean ere (14-11) puntu gehiago saskiratu zituzten ISBkoek, baina laugarrenean aurkariak gehiago izan ziren, hamar puntu gehiago lortuta (14-24). Dena den, garaipena etxeko taldearentzako izan zen.
Gaur-gaurkoz, hogei jardunaldi jokatuta, multzoko sailkapeneko hirugarren postuak dago Domusa Teknik ISB, Ausarta Barakaldoren eta Castelloren atzetik. 21. jardunaldia datorren larunbatean (20:00) etxetik kanpo jokatuko du Iraurgiko emakumeen talde nagusiak Tordera Unigironaren kontra.
Zilarrezko LEB ligako Juaristi ISBk Huelvan (Espainia) jokatu zuen atzo eguerdian, eta 87 eta 76 eginda, porrotarekin itzuli behar izan zuen etxera. Lehen laurdena gaizki hasi zuten Iraurgikoek bederatzi puntu bakarrik saskiratuta (20-9). Bigarrenean hobeto aritu ziren, eta aurkarien gertu ibili ziren (29-25). Hala ere, markagailua kontra zuten atsedenaldian 49 eta 34. Hirugarren laurdenean Huelvak baino lau puntu gehiago (16-20) lortu zituen, eta azkenekoan, parez pare ibili ziren (22-22). Nahiz eta azkenerako ia gehiago izan, aurreneko zatian egindako zuloa estaltzerik ez zuten lortu Iraurgiko mutilek, eta emaitza gaziarekin etxeratu ziren.
Datorren asteburuan 22. jardunaldia jokatuko du Juaristi ISBk. Almansa taldea izango du aurkaria, eta martxoaren 10ean, igandean, jokatuko dute 18:00etan, Azkoitiko kiroldegian. Gaurkoz multzoko sailkapenean bederatzigarren dago Juaristi ISB; erdialdetik behera.
Espainiako txapelunordeak omenduak
50. urteurreneko ospakizunen barruan, klubaren historian esanguratsuak izan diren pertsonak eta taldeak omentzen dihardu Iraurgi saskibaloi elkarteak talde nagusiek etxean jokatzen dituzten partidetan. Joan den zapatuan, 2013-2014 denboraldian kadeteetan Espainiako txapeldunorde izan zen Gerdau Azkoitia ISB emakumeen taldea omendu zuten Azkoitiko kiroldegian. Ondorengoak izan ziren taldekideak: Laura Olaizola, Eneritz Larrañaga, Oihane Aizpurua, Maria Beobide, Eider Larrañaga, Miren Bastida, Larraitz Larrañaga, Maialen Arzallus, Izaro Lizundia, Maitane Dominguez, Inge Bastida, Amaia Loiola, Leire Agirretxe eta Naroa Martinez jokalariak; eta Anne Berasategi, Eneko Artola eta Luis Agirre entrenatzaileak.