Neurketa zailak zituzten Lagun Onak futbol klubaren emakumeen zein gizonen taldeek asteburuan, eta esku hutsik bukatu zuten biek, hurrenez hurren 0-1 eta 1-0 galdu ondoren.
Garmendipen, Ohorezko Erregional Mailaren 20. jardunaldian, partida bakarra galdu, beste bat berdindu eta hamazpi garaipenekin lider zen taldea, Mariño Real Union, hartu zuen Lagun Onakek zapatuan. Eguzkiñe Peñak zuzentzen duen taldeak hamabi jardunaldi zeramatzan erreskadan galdu gabe, baina liderrak bolada on luze hori haustea lortu zuen. Gol bakarrarekin erabaki zen neurketa Mariñoren alde, eta aurrean liderra izan arren, Azpeitikoak emaitza hobea merezi izanaren sentipenarekin gelditu ziren. Berriro ere defentsan irmo eta sendo, eta erasoan ere ondo baino hobeto aritu arren, golik ez zuten egin etxekoek, eta Mariñok bai. Lehen zatian, bisitariek izan zuten baloiaren jabetza, baina arriskurik sortu gabe; Lagun Onakek bikain eutsi zien haien ahaleginei, eta Peñaren taldearenak izan ziren lehen 45 minutuetako gol aukera nabarmenenak. Bigarren zatiaren hasieran, aldiz, Lagun Onaki gehiago kostatu zitzaion zelaian bere tokia aurkitzea, eta etxekoen atezainaren aurrean bitan gelditu ziren bakarrik liderraren aurrelariak, baina golik egin gabe. Lagun Onak pixkanaka joan zen berriro partidari neurria hartzen. Baina 78. minutuan, Azpeitikoen hutsak baliatuta, Mariñok gola egin zuen, alboko sake batetik abiatutako jokaldian. Lagun Onak ahalegindu zen berdinketaren bila, Mariño bere zelaian sartuta eduki zuen azken txanpan, eta hainbat falta eta korner jaurtiketa izan zituen alde, baina ez zuen baloia sareratzen asmatu. 38 punturekin, sailkapenaren laugarren postuan jarraitzen du Azpeitiko taldeak. Datorren asteburuan Intxaurdiren kontra jokatuko du, sailkapenean atzetik baina gertu duen taldearen zelaian.
Espainiako Hirugarren Mailan ere gol bakarrak erabaki zuen Deusto eta Lagun Onaken arteko neurketa. Igoerako play-offa jokatzeko borrokan aurkari zuzenetakoa du Jose Luis Riberaren taldeak Deusto, eta parekotasun hori islatu zen emaitzaren estutasunean, baina bizkaitarren aldera jausi zen balantza. Lehen zatiaren 20. minutuan egin zuten Deustukoek partida erabakiko zuen gola, eta berdinketaren bila saiatu arren, ez zuten halakorik lortu Azpeitikoek. Ondorioz, 23. jardunaldia osatuta, 39 punturekin jarraitzen du Lagun Onakek; bosgarren tokira jaitsi da, igoerako play-offa jokatzeko txartelak ematen dituzten postuetan jarraitzen du, baina hiru puntura gerturatu zaizkio Deusto eta San Ignacio. Datorren zapatuan, 17:00etan, Alaves C hartuko du Lagun Onakek Garmendipen.