Goikoetxea VI, Urtzi Gurrutxaga eta Oier Apezetxea, erremonteko Berria txapelketarako prest

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 5a, 12:29

Berria txapelketaren aurkezpena, atzo, Martin Ugalde kultur parkean. (Oriamendi)

Joseba Goikoetxeak debuta egingo du Oriamendirekin Berria txapelketan. Zestoako atzelariak Jabalera izango du bikote, eta sariketaren atarian, "gogotsu, baina urduri" agertu da. Gurrutxaga aizarnazabaldarrak bigarrenez jokatuko du sariketa. Iaz hark jantzi zuen txapela,  profesionaletan debuta egin eta hilabete pasatxora. Larunbatean hasiko da Berria txapelketa, Galarretan, eta toki berean izango da finala, apirilaren 20an.

Beste urte batez, erremontista gazteen erakusleiho izango da erremonteko Berria txapelketa. Atzo egin zuten aurtengo sariketaren aurkezpena Berriaren egoitzan, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean. Bertan izan ziren, besteak beste, aurtengo txapelketa jokatuko duten erremontistak, tartean Joseba Goikoetxea Goikoetxea VI zestoarra, Urtzi Gurrutxaga aizarnazabaldarra eta Oier Apezetxea Azpeitiko bizilaguna. Beraz, eskualdeko ordezkaririk ez da faltako Berria txapelketan.

Guztira, sei bikotek jokatuko dute txapelketa. Horiek bi taldetan banatuko dira (A eta B), eta talde bakoitzeko lehenengo biak sailkatuko dira apirilaren 13an jokatuko diren finalaurrekoetara. A multzoan, hiru bikote hauek ariko dira: Ugaitz Susperregi eta Oier Apezetxea; Jon Irazu eta Ibon Zaldua; eta Aimar Jabalera eta Joseba Goikoetxea. B multzoan, berriz, hiru bikote hauek ariko dira: Mattin Arluziaga eta Aritz Zubiri; Urtzi Gurrutxaga eta Aitor Aiestaran; eta Aitor Zaldua eta Aritz Eskudero. Multzo bakoitzeko hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute hurrengo bost asteetan: larunbatean, martxoaren 16an, 22an, 29an eta apirilaren 6an. Sailkapena puntuen bidez osatuko da, eta partidak jokoetara izango dira.
 

Goikoetxea VI, debutaren atarian

Txapelketa berezia izango da hastear dagoena Goikoetxea VI.arentzat; izan ere, Zestoako erremontista atzelariak larunbatean egingo du debuka Oriamendirekin profesionaletan. Hain zuzen, Berria txapelketaren lehen jardunaldiak lehiatuko da Zestoakoa, eta ondoan izango du Jabalera. Atzoko sariketaren aurkezpenean azaldu zuenez, "gogotsu, baina urduri" dago zestoarra. 
 
Jabalerak eta Goikoetxea VI.ak Irazu eta Zaldua I.a izango dituzte parez pare larunbatean, ligaxkaren lehenengo jardunaldian. Partida 16:30ean hasiko da. 


Imanol Ansak eta Josu Arruartek irabazi zuten lehen Berria txapelketa 2019an; Kemen Aldabek eta Oier Apezetxeak, bigarrena, 2022an; eta Urtzi Gurrutxagak eta Ibon Zalduak, azkena, iaz. Aizarnazabalgo erremontistak profesionaletan debuta egin eta hilabete pasatxora jantzi zuen lehen txapela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide