ELA eta LAB sindikatuek egindako deiari erantzunez, Azpeitiko langile publikoek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian plazan, erakundeei eskatzeko lan hitzarmena negoziatzera eser daitezela. Izan ere, azken urteetan euren lan baldintzek nabarmen okerrera egin dutela diote, eta "langile publikoek ganorazko lan baldintzak ez dituzten bitartean, ezinezkoa dela kalitatezko zerbitzurik publikorik egotea".
Euren arduradun diren erakundeei eskaera zehatzak egin dizkiete plazan bildutakoek, eta honakoak dira eskaera horiek: zerbitzu publikoak indartzeko erabakiak hartzeko; azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko, soldatak %10 igotzeko; behin-behinekotasunarekin eta zerbitzuak pribatizatzeko joerarekin bukatzeko, ordezkapenak bermatzeko eta enplegua sortzeko eta egonkortzeko; lantaldea handitzeko, langile gazteak kontratatzeko eta lan karga arintzeko, langileen osasuna bermatzeko helburuarekin; erretiroa aurreratzeko neurriak berrezartzeko; neurri feministak hartzeko, zaintza enpleguaren erdigunean jarrita; eta azkenik, zerbitzu publikoak euskalduntzeko xedearekin, lan euskaraz egiteko eta zerbitzuak euskaraz emateko baliabideak ezartzeko.
Eskaerak mahai gainean jarrita, horiek lortzeko borroka egiteko prest daudela adierazi dute. Hori horrela, jakinarazi dute martxoaren 12an greba egingo dutela sektore publikoko langileek.