'Priscilla' eta 'Katak, la pequeña ballena' filmak emango dituzte Soreasun

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 6a, 08:48

'Priscilla' filmeko irudi bat.

Igandean bi filmak ikusteko aukera izango da, Katak, la pequeña ballena 16:30ean, eta 19:30ean Priscilla; Elvis Presleyren emazte izandakoaren bizitzan oinarritutako filma astelehenean 21:00etan ere emango dute. Sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean.

Datozen igandean eta astelehenean bi filmez gozatzeko aukera egongo da Soreasu antzokian. Hain zuzen, igandean Katak, la pequeña ballena filma emango dute 16:30ean, eta 19:30ean, berriz, Priscilla. Azken hori astelehenean, 21:00etan, ere emango dute. Joan nahi dutenek sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros ditzakete.

Katak, la pequeña ballena (Christine Dallaire-Dupont, Nicola Lemay, Kanada, 2023) animazio filma da. Honela dio filmaren sinopsiak: "Lagun guztiak zuri bihurtu diren bitartean, Katakek txikia eta grisa izaten jarraitzen du. Hazi dela frogatzeko eta amona maitearen azken nahia betetzeko, Iparralde Zabalera bidaia arriskutsu bati ekin dio Katakek".

Priscilla (Sofia Coppola, Estatu Batuak, 2023), berriz, 1985ean Priscilla Beaulieu Presleyk idatzitako Elvis and Me memorietan oinarritutako drama generoko filma da. Elvisen eta Priscillaren ezkontza luze eta zurrunbilotsua kontatzen du, Alemaniako base militar batetik Gracelandeko bere ametsetako etxalderaino. Honakoa dio sinopsiak: "Priscilla Beaulieu nerabeak festa batean Elvis Presley ezagutzen duenean, rock-and-rollaren superizarra da jada, baina une pribatuetan guztiz ustekabekoa bihurtzen da: gezi kolpe zirraragarria, bakardadean aliatua, lagun zaurgarriagoa".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide