Matazak ibilbidea osorik ezagutzeko aukera izango da bihar arratsaldean

Andoni Elduaien eta Maialen Etxaniz 2024ko mar. 5a, 17:38

Udaleko Parekidetasun Saileko eta Emakumeen Txokoko teknikarien eskutik, Arana kalearen eta Buztintzuriko Errebalaren arteko geldialditik abiatuko da Martxoaren 8aren bueltan antolatu duten ibilaldi dinamizatua. Emakumeen Txokoko Ione de la Cruzek herriko emakume langile kolektiboak bistaratzeko proiektuaren xehetasun guztiak azaldu ditu Erlo Gukaren bideo honetan.

Azpeitiko Udalak Parekidetasun Sailaren eta Emakumeen Txokoaren bidez Martxoaren 8a dela-eta prestatu duen egitaraua bihar hasiko da. 17:30ean, Matazak ibilbide osoa ezagutzeko ibilaldi dinamizatua eskainiko dute Parekidetasuneko eta Emakumeen Txokoko teknikariek; Arana kaleko eta Buztintzuriko Errebaleko zatitik, alpargaterei eskainitakotik, hasiko dute ibilaldia.

Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Emakumeen Txokoak Azpeitiko emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko egindako lanaren emaitza da Matazak, herrian hainbat gremioetan aritutako emakumeen testigantzak eta bizipenak ardatz dituen ibilbidea. Bederatzi geldialdiz osatuta dago Matazak, baina horietatik hiru osatu zituzten joan den urrian, ibilbidearen aurkezpen ekitaldian. Bihar, ibilbide osoa ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, geldialdi bakoitzean hainbat emakumeren testigantzak entzunez. Ondoren, luntxa emango dute Emakumeen Txokoan, ibilbidean parte hartzen duten guztientzat.

Erlo Gukaren bideo honetan, Matazak proiektuaren xehetasun guztiak azaldu ditu Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko teknikariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide