Atzo –asteazkena– hasi zen Azpeitiko Udalak Parekidetasun Sailaren eta Emakumeen Txokoaren bidez Martxoaren 8a dela-eta prestatu duen egitaraua. Hain zuzen ere, 17:30ean hasita, Matazak ibilbide osoa ezagutzeko ibilaldi dinamizatua eskaini zuten Parekidetasuneko eta Emakumeen Txokoko teknikariek; Arana kaleko eta Buztintzuriko Errebaleko zatitik, alpargaterei eskainitakotik, hasi zuten ibilaldia.
Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Emakumeen Txokoak Azpeitiko emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko egindako lanaren emaitza da Matazak, herrian hainbat gremioetan aritutako emakumeen testigantzak eta bizipenak ardatz dituen ibilbidea. Bederatzi geldialdiz osatuta dago Matazak, baina horietatik hiru osatu zituzten joan den urrian, ibilbidearen aurkezpen ekitaldian. Atzo, berriz, ibilbide osoa ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek, geldialdi bakoitzean hainbat emakumeren testigantzak entzunez. Ondoren, mokadua izan zen Emakumeen Txokoan ibilbidean parte hartu zuten guztientzat.