Azpeitiko ikasleak ere Zarautzen izan dira, eskualde mailako lehen enplegu azokan

Mireia Galarza Bastida, Aiora LarraƱaga Solaberrieta eta Andrea Zipitria 2024ko mar. 7a, 10:54

Urola Kosta osoko Lanbide Heziketaren eta enpleguaren eskaintza ezagutzeko aukera izan dute eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ia mila ikaslek Zatoz! izeneko azokan, Zarautzen. Lehenengoz gauzatu dute.

Zatoz! Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka egin zuten atzo Zarauzko Munoa plazan. Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, garapen agentziek eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak elkarlanean antolatu zuten ekimena, "talentua sortzea, erakartzea, mantentzea eta sustatzea" helburu hartuta.

10:00etan ireki zituen ateak azokak, eta 18:00etara bitartean Urola Kosta eta Urola Erdi mailako Lanbide Heziketako eta enpleguko eskaintza ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Horretarako, bederatzi stand jarri zituzten eta Lanbide Heziketako eskaintzarekin batera, ikastetxeen enplegurako prestakuntza eskaintza eta garapen agentzien eta Lanbideren enplegurako baliabideak erakutsi zituzten. Harrera ona izan zuen azokak, eta goizean goizetik Urola Erdiko eta Urola Kostako DBHko eta Batxilergoko ikasleak ibili ziren karpan. Hala, 950 ikasle inguruk izan zuten eskualdeko eskolen eskaintza gertutik ezagutzeko.

Horietako bat da Alex Martinez; azpeitiarraren hitzetan "baliagarria" izan da azoka. Hain zuzen ere, Mekatronikaren inguruko hainbat zalantzarekin iritsi zen Zarautzera Martinez, eta guztiak "argitzeko" balio izan zion hitzorduak. Gomendioak ere jaso zituen: "Eredu duala hautatzea".

Bestalde, azokan bertan masajeak ematen aritu zen Nerea Odriozola hernaniarra (Gipuzkoa). Gaur egun Monte Albertian Estetika eta Ongizatea ikasketak egiten ari da. Azoka antolatzea "oso ondo" iruditu zaio hari. Bere esperientziatik hitz egin du: "DBH bukatu nuenean, ez nekien zer ikasi nahi nuen, eta horrelako azoka bat oso ondo dago gauzak argitzeko".

Ildo berean, lehen balorazio "positiboa" egin zuen Eduardo Sudupe Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendariak. "Ikasleek interesa erakutsi dute, eta hori da helburua; oso gustura gaude". Dena den, datorren urteari begira "zer hobetua" ikusi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide