Iraurgi Saskibaloia klubaren 50 urteko historian esanguratsuak izan diren pertsonak eta taldeak omentzen jarraitzen du. Igande honetan, berriz, erakundeetako ordezkariak eta ordezkari izandakoak omenduko dituzte.
"Azkoitiaren 700. urteurrena zorionduz eta 50 urteko ibilian Azkoitiko herriak klubari eman dion babesa eta laguntza eskertzeko", hain zuzen, frankismoaren ondoren Azkoitiko alkate izan direnak omenduko ditu Iraurgik: Roman Sudupe, Ramon Unanue, Nere Zubizarreta, Asier Aranbarri, Pello Bastarrika, Urrategi Alberdi, Javier Zubizarreta eta Ana Azkoitia.
Sarrera doan
Klubaren talde nagusiek etxean jokatzen dituzten neurketak baliatzen ari da Iraurgi 50. urteurreneko ospakizunen barruko omenaldi ekitaldiok gauzatzeko, eta asteburu honetan Juaristi ISBk Almansaren kontra jokatuko duen neurketaren atarian egingo dute aitortza ekitaldia. Igandean, 18:00etan, Yon Gonzalezek zuzentzen duen taldeak Azkoitiko kiroldegian jokatuko du erabakiorra izan daitekeen neurketa hori. Zilarrezko LEB ligaren fase erregularra bukatzeko bost jardunaldi falta dira, eta Juaristi ISB sailkapenaren beheko postuak saihesteko borrokan murgilduta dago. Igandean izango duen aurkaria, berriz, atzetik du sailkapenean Azkoiti-Azpeitiko taldeak, baina garaipen bakarraren aldearekin; igandean mendeaan hartzen badute, Almansa bi garaipenera utziko lukete Iraurgikoek, eta gainera, basket average-a alde izango lukete.
Neurketaren garrantzia dela eta, ate irekien jardunaldia izendatu du klubak iganderako, eta beraz, sarrera doan izango dute Azkoitiko kiroldegira joaten direnek.
LF2 ligan, berriz, Domusa Teknik ISBk Tordera Unigironaren kantxan jokatuko du zapatuan, 20:00etan.