Martxoaren 8ko lehen aldarriak ikasleenak eta Empalabramientoko emakumeenak

Nerea Uranga 2024ko mar. 8a, 12:51

Eguerdia artean Martxoaren 8ko aldarriekin plaza hartu dutenak ikasleak eta Emakumeen Txokoko Empalabramiento gunekoak izan dira. Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek "erasorik gabeko heziguneak" aldarrikatu dituzte.

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aldarrikatzeko, hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu dituzte Azpeitiko Feministen Sareak, Azpeitiko Udalak, Urola Erdiko Itaiak eta Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek.

Eguerdira artean, ikasleen eta Emakumeen Txokoko Empalabramiento guneko emakumeen aldarriek hartu dute plaza. Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek Eraso gabeko heziguneen alde, emakume langile batu borrokara lelo hartuta hitzaldia egin dute 11:00etan Azoka Plazako lehen solairuko aretoan, eta ikaslez bete da aretoa. Hitzaldia bukatu ondoren, lelo berarekin elkarretaratzea egin dute plazan.

Bitartean, Emakumeen Txokoko Empalabramiento gunekoek emakumeen eskubideen aldarriekin kartelak jarri dituzte Sanagustinpean, eta Urola Ikastolako Batxilergoko lehen mailako ikasleekin batera egindako pegatinak banatu dituzte jendearen artean.

Herriko hainbat merkatarik ere, Martxoaren 8arekin bat eginda, kartelak eta puxika moreak jarri dituzte saltokietako erakusleihoetan.

Arratsalderako ere hainbat protesta eta ekitaldi daude antolatuta:

Gaur, Martxoaren 8a:

  • 17:15. Girotze tailerra, haur, gazte zein helduentzat. Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta.
  • 18:00. Elkarretaratzea plazan, Gure bizitzekin negoziorik ez! Hartu dagokizuen ardura lelopean. Azpeitiko Feministen Sareak deituta.
  • 18:30. Mokadua, Azoka Plazan. Azpeitiko Feministen Sareak deituta.
  • 19:00. Emakume langileok borrokara. Sozialismoa eraiki lelopean manifestazioa, plazatik hasita. Itaiak deitu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide