Diziplina askotako zortzi proiektu garatu dituzte 2023ko Sorkuntza Bekei esker, eta sormen lan horiek aurkeztu dituzte gaur eguerdian Betharrameko erakusketa aretoan. Sortzaileek beraiek aurkeztu dituzte lanak, eta ondoren, martxoaren 24ra bitartean, erakusgai egongo dira lanak gune horretan bertan. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik erakusketa, eta larunbat eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
Azpeitiko Udalak antolatzen ditu Sorkuntza Bekak, Kulturaz kooperatibaren babesarekin. Iazko edizioaren deialdira 21 proposamen aurkeztu ziren, eta zortzi proiektu lagundu zituzten: bi sormen egonaldi eta sei sormen prozesu. Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira udaleko nahiz Kulturaz kooperatibako ordezkariak nahiz sortzaileak.
Aitor Larrañaga Kultura zinegotziak adierazi du 2017tik banatzen dituztela Sorkuntza Bekak, eta beraz, zazpigarren edizioa dela aurtengoa. "Sortzaileei babesa ematea da udalaren helburua, eta horretarako, 20.000 euro bideratu nahiz espazio eta baliabideak ahalbidetzen ditugu". 2023ko edizioa itxi berri, 2024ko Sorkuntza Bekei ekitear direla nabarmendu du: "Astebete barru zabalduko dugu zortzigarren edizioan izena emateko epea". Gainera, Kulturazek informazio saioak egingo dituela ere esan du.
Xabier Gantzarain Kulturaz kooperatibako kideak ere hartu du hitza, eta hark sorkuntzaren garrantzia azpimarratu du: "Erakusketa honetan nahiko garbi ikusten da sorkuntzak balio duela bizi dugun herri hau edo bizi gaituen herri hau beste era batera pentsatzeko, beste leku batzuetatik begiratzeko".
Egonaldien emaitzak
Bi artistak egin dituzte sorkuntza egonaldiak: Leire Lacunzak eta Iker Gozategik. Lacunza izan da bere lana aurkezten aurrena; Laino zarratu bat da donostiarraren proiektuaren izena. Elizaren bueltako gogoeta izan du hark lana garatzeko abiapuntu, eta aipatu du Kepa Susperregi parrokoarekin bildu zela prozesua martxan jartzerako. Proiektuaren muina Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako Bakardadearen Kaperan argi instalazio bat egitea izan da. "Kaperan dauden freskoetako irudikapenetatik abiatuz eta falta diren irudi zatien inguruan hausnartuz, bestelako narrazio bat eraiki nahi izan dut", adierazi du. Oraindik erabakitzeko dago zein egunetan egingo duen instalazioa jendaurrean, baina bien bitartean, prozesuan zehar bildu duen materiala jarri du erakusgai Betharram aretoan. "Zeruaren errepresentazio katolikoa eta egungo zeruaren irudikapen ohikoena kontrajartzea izan da oinarrietako bat", esan du.
Gozategi oriotarrak, bestalde, garrasiaren inguruan egin nahi izan du gogoeta, Garrasi izeneko lanaren bidez. "Garrasiaren bilakaeraren eta aldaera ezberdinen ikerketa bat" da haren proiektua. Prozesu hori martxan jartzeko nahia "barrutik" atera zitzaiola aipatu du: "Barruko kaka ateratzeko beharra nuen". Funtsean, garrasi ezberdinen dokumentazio lan bat egitea da haren asmoa, bideo, irudi nahiz soinu bidez "gorputzaren gaitasun fisikoak baliatuta". Azpeitian erakutsi duena proiektu zabal horren atal bat da; ikus-entzunezko bat, zehazki. Hain zuzen ere, Gozategi bera ageri da ikus-entzunezkoan: burua uretan sartu, eta garrasi egiten du, arnasik gabe gelditu arte.
Bekaren sei fruitu
Usua Martinez zarauztarrak, Amaia Galparsoro eta Haizea Madariaga kideekin batera, Zikiñe ta Garbiñe, bolleren istorioak egitasmoa aurkeztu du. Hirukotea bolleren umorezko fanzinea sortzen ari da, eta azken emaitzaren zertzelada batzuk zintzilikatu dituzte Betharram aretoan. Komikizale amorratuak direla nabarmendu dute, eta irailerako espero dutela proiektua amaituta izatea. Marrazkigintza eta literatura uztartzen saiatu dira, eta bollera komunitate baten bizipenak eta tirabirak kontatu dituzte. Hainbat erreferente izan dituztela ere adierazi dute.
Paula Huarte nafarrak zeramika izan du lanerako oinarri Aldaxkak izeneko egitasmoan. "Sorkuntza prozesuan behin eta berriz errepikatzen den ekintza baten pertzepzioan" arreta jartzen duen lana dela azaldu du. "Sarritan, sormen prozesuan zehar nigan interes berezia pizten duten zatiak, aukeraketak edo erauzketak sortzen dira, eta horiek izan ditut abiapuntu" esan du. "Biderkatzeko joko bat" da haren planteamendua, "erreprodukzio prozesu infinitu bat."
Felipe Murillo azpeitiarrak eleberri bat sortzeko oinarriak jartzeko baliatu du Sorkuntza Beka. Hain zuzen ere, Igandeak izena du haren proiektuak, eta aitatasunaren, zaintzaren eta gizontasunaren inguruan gogoeta egitea da helburua. "Guraso izan berri den gizon baten inguruko eleberri saiakera bat da. Bere semea zaintzearekin batera gaixo suertatu den aitaren zaintzari egin beharko dio aurre protagonistak. Aitatasunaren isla desberdinekin topo egingo du ondorioz, eta belaunaldi arteko zaintzaren gaiari heldu beharko dio ezinbestean", adierazi du idazleak. "Istorioaren eta hari lagunduko dion soinu bandaren bilaketa" izan da azken hilabeteetako sormen prozesua, eta horren guztiaren lagina da Betharramen kokatu duen Igandeetara bidean. Hiru liburu daude bertan, eta horiek zabaltzean, QR kodeak eta hainbat esaldi aurkituko ditu bisitariak. Garazi Ugalde ari da izaten eleberria sortzeko bidean "akuilua" Murillorentzat.
Beste herritar batena da, Iosu Azkuerena, Labandera izeneko lana. Albergara arropak garbitzera doan emakume bat irudikatu nahi izan du eskultura batean. Lanarekin, "Azpeitiko emakume garbitzaileei omenaldia" egin nahi izan die. Arbastatze, zizelkatze eta leuntze faseak gauzatu ditu artistak, eta hark nabarmendu duenez, 500 ordu igaro ditu lanean. Bi metro luze den eskultura bat da lan horren fruitua, eta "oso gustura" gelditu da emaitzarekin. Orain hura non kokatu jartzea udalaren ardura izango dela aipatu du.
Patxi Juartisti azpeitiarrak Hormatik zuntzera lana garatu du Sorkuntza Bekaren bidez. Orain gutxi arte margotzea denbora libreko kontu bat izan da haren bizitzan, baina duela urtebete eszedentzia hartu, eta irudia "lehen planoan" jarri zen haren bizitzan. Inguruko jendearen bultzadaz Sorkuntza Beketara aurkeztea erabaki zuen, eta stencil edo txantiloi teknikaren inguruan aurretik jorratutako bidea serigrafiara ekarri nahi izan duela adierazi du. "Hormetan gauzatzeko prestatzen nituen irudietatik, minutu gutxitan gauzatu beharreko prozesu zurrun batetik, paperera igarotzea nahi izan dut, teknika eta euskarri horiek ezartzen dituzten aukera eta muga berriekin esperimentatuz", esan du. "Euskadunon iruditerian dauden sinbolo eta elementuak" abiapuntutzat hartu ditu, eta esperimentazio prozesu horretan sortu den lanetako bat jarri du Betharram aretoan ikusgai. "Pisu handiko" irudi bat du oinarrian, eta artistari berari gogoeta eginarazi dio egite prozesuak berak begiraden aniztasunaz nahiz garaien aldaeraz; hausnarketa hori "interesgarria" iruditu zaiolako hautatu du irudi hori jendeari erakusteko.
Azkenik, Enok Sudupe azpeitiarrak Herri baten bozka-piloak bere lanaren inguruko zertzeladak eman ditu. Hark aipatu du sormena jolasarekin lotzen duela, eta horren erakusle dela Betharrameko bere lana ere. Sokamuturraren inguruko erakusketa –Herri baten korapiloak. Sokamuturraren museoa– zabaldu zuen orain gutxi herrian, eta gaiaren inguruko herri galdeketa planteatu zuen han. Han jasotako emaitzak eta botoak jarri du erakusketan, bozketan parte hartu zutenei eskertza egiteko. Erakusketak sokamuturraren inguruko "espazio adeitsu" bat sortzeko balio izan duela adierazi du, eta 500 lagun baino gehiagok bisitatu zutela mostra hura.