Maiatzaren 4an jokatuko dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa, eta ibilbidea ezagutzeko bi irteera prestatu dituzte antolatzaileek. Gaur, larunbata, egin dute lehen irteera. Hain zuzen ere, Azpeititik Mandubira arteko bide zatia egin dute; 34 kilometroko luzera eta 2.000 metroko desnibel positiboa ditu ibilbideak. Korrikalariak 07:45ean elkartu dira plazan, eta 08:00etan abiatu dira. Erritmo ezberdinetako taldeak osatu dituzte, eta hemeretzigarren kilometroan anoa gunea izan da. Ibilbidea amaitzean, Mandubian zain izan dute autobusa partaideek Azpeitira itzultzeko. 80 korrikalari inguru elkartu dira, eta antolatzaileen arabera, "giro paregabea" sortu da.
Mendi lasterketaren bigarren zatia ezagutzeko irteera datorren astean egingo dute, hau da, martxoaren 16an. Mandubitik Azpeitira arteko zatia egingo dute egun horretan, eta izena eman nahi dutenek lotura honetan dute horretarako aukera, bost euro ordainduta. Guztira, 65 kilometroko distantzia du ultra trailak, eta Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama zeharkatzen ditu.