Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak atzo, larunbata, jokatu zuen aste honetako neurketa Intxaurdiren aurka, Donostian. Bigarren neurketa segidan galdu zuen taldeak; 2 eta 1 gailendu zen Intxaurdi. Partidara gogor sartu ziren Azpeitikoak, ideiak argi zituztela; defentsan ondo ari ziren, eta atakean ere baloia oso ondo mugitu zuten alde batetik bestera. Lagun Onakek aurkarien zelaia bereganatu zuen neurketaren lehen 30 minutuetan, baina bat-batean, kontraeraso batean gola sartu zuen Intxaurdik. Orduan Lagun Onak animikoki jaitsi egin zen, eta luze egin zitzaizkien lehen zatia amaitzeko falta ziren hamabost minutuak: minutu horietan askoz gehiago izan zen Intxaurdi. Hala, 1 eta 0 iritsi ziren atsedenaldira.
Atsedenaldian hainbat gauza aldatu zituen Lagun Onakek, eta bigarren zatian berriro oso ondo atera ziren zelaira; baloiaren jabetza Lagun Onakena zen, eta defentsan ere lan ona egiten ari ziren. Taldeak pauso bat aurrera egin zuen, oso ondo presionatu zituzten aurkariak, eta halako batean, iritsi zen Lagun Onaken gola: Malen Astigarragak falta bat atera zuen, Maria Sorazuk buruz orraztu zuen, eta Joane Kortak sartu zuen buruz, 69. minutuan. Hortik aurrera, prezipitatu egin zen Lagun Onak, pazientzia gutxi erakutsi zuten jokalariek, eta jokoa alde batetik bestera joaten hasi zen; baloi luzeak bilatzen hasi zen Azpeitiko taldea, eta aurkariek abantaila izan zuten. Hala zirela, korner bat atera zuen Intxaurdik, eta Lagun Onaken hainbat akats eta gero, gola sartu zuen Donostiako taldeak, 89. minutuan. Horrela bukatu zen partida.
Tristura sentipenarekin itzuli zen Lagun Onak etxera, iruditzen zitzaielako ez zutela merezi partida galtzea. Une honetan, 38 punturekin, sailkapeneko seigarren postuan da taldea.
Gizonek bestelako aldartea
Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, etxean neurtu zituen indarrak atzo, larunbata, Alaves C taldearen aurka. Gizonek bestelako sentipena zuten partidaren amaieran; izan ere, 2 eta 1 irabazi zuten Garmendipen. Miguel Arandak egin zuen Alavesen lehen gola, 22. minutuan. Ondoren, 27. minutuan, Jagoba Erdoziak berdinketaren gola sartu zuen. Horrenbestez, berdinduta iritsi ziren bigarren zatira, baina partida amaitzear zela, Alaveseko Arandak bere atean sartu zuen gola, eta beraz, azken unean lortu zuen garaipena Azpeitiko taldeak.
Gaur-gaurkoz, 42 punturekin, sailkapeneko bosgarren postuan da Lagun Onak.