Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarrak –Azpeitian bizi da– mundiala jokatu ahal izateko The Millars UCI World Seriesen proba batean parte hartu du gaur Vila-Realen (Herrialde Katalanak). Guztira, 180 kilometroko distantzia eta 3.000 metroko desnibel positiboa zituen ibilbideak. 1.500 txirrindulari baino gehiagok parte hartu dute proban, eta seigarren sailkatu da Arizmendi –bere kategorian bosgarren–. "Sufritzeko eguna" tokatu zaiola adierazi du txirrindulariak, baina "oso ondo" moldatu dela azkenean.
Horrenbestez, gaurko lorpenarekin, masterren mundiala jokatu ahal izango du Arizmendik. 19 eta 34 urte arteko kategorian lehiatuko da azkoitiarra, irailaren 1ean, Danimarkan.