Bi garaipen garrantzitsu lortu dituzte azken asteburuan Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek. Batzuk behera eta besteak gora begira, beren txapelketetan fase erregularren azken partidetara iristen ari dira Juaristi eta Domusa Teknik ISB. Era gizonek etxean eta emakumeek kanpoan, Espainiako Zilarrezko LEB ligan beheko tokiak saihesteko zein LF2an goikoetan sendotzeko garaipenak lortu dituzte, hurrenez hurren, Juaristi ISBk eta Domusa Teknik ISBk.
Azkoitian, Zilarrezko LEB ligaren Mendebaldeko multzoaren sailkapeneko beheko borrokan atzetik baina oso gertu zuen Almansa hartu zuen atzo arratsaldean Juaristi ISBk, eta lanak oso ondo eginda, 74-56 gainditu zuten Iraurgikoek Albaceteko taldea. Lehen laurdenean jarri zituen Juaristik garaipen erosorako oinarriak. Lehen laurden parekatuaren ondoren (11-9), atsedenaldira joan aurretik zuloa egin zuten etxekoek: 32-17 aurretik ziren lan erdietan, bigarren laurdena 21-8 argiarekin irabazita. Aldageletatik kantxara itzulita, Almansakoentzat izan zen hirugarren laurdena (22-26), baina Yon Gonzalezen taldea estuasetan jartzerik ez zuten lortu bisitariek, eta 20-13 partzialarekin borobildu zuen Iraurgik garaipen argi bezain garrantzitsua.
Multzokako liga bukatzeko lau jardunaldi falta dira, eta Juaristi ISBk hamar garaipen ditu, jaitsierako bi postuetan dauden taldeek baino hiru gehiago, eta mailari eusteko play-offa jokatu beharko duten bi postuetan daudenek baino bi gehiago. Datorren zapatuan, multzoko sailkapenean bigarren postuan dagoen Moronen kantxan jokatuko dute Azpeiti-Azkoitikoek.
50. urteurrenaren ospakizunen barruan, urte hasieratik bi talde nagusiek etxean jokatzen dituzten partidetan klubaren historian esanguratsuak izan diren pertsonak, taldeak eta erakundeak omentzen ari da Iraurgi Saskibaloia. Atzo, Azkoitiko herria omendu nahi izan zuen klubak, eta Ana Azkoitia Azkoitiko egungo alkatea eta bere aurretik alkate izandako Javier Zubizarreta, Urrategi Alberdi, Asier Aranbarri, Nere Zubizarreta, Ramon Unanue eta Roman Sudupe irten ziren kantxara –Pello Bastarrika falta zen–, aitortza hori jasotzeko.
Gero eta gertuago
LF2 ligan bost jardunaldi gelditzen dira fase erregularra osatzeko, eta Domusa Teknik ISBk gero eta gertuago du igoerako play-offa. Azken hiru partidak jarraian irabazi dituzte Iraurgiren emakumeek, eta B multzoaren sailkapenaren bigarren postura itzuli dira –hamasei garaipenekin, hirugarren den Castellorekin berdinduta– zapatuan Tordera Unigironaren etxean 52-66 irabazi ondoren.
Gizonak Azkoitian bezala, Katalunian ere hasieratik bukaerara aurretik ibili ziren Iraurgiren emakumeak, tarte estuagoarekin izan arren. Lehen zatian laurden bana irabazi zuten bi taldeek (15-20 eta 13-10), baina Luis Agirre Katxi-k zuzendutakoak iritsi ziren markagailuan aurretik atsedenaldira (28-30). Bigarren zatiko lehen laudenean ireki zuen zuloa markagailuan Domusa Teknik ISBk (9-17). Etxekoek ez zuten asmatu egoerari aurre egiten eta amaierara arte jarraitu zuten aldea handitzen Azpeiti-Azkoitikoek, azken laurdena 15-19 irabazita.
Datorren asteburuan etxean jokatuko dute Iraurgiren emakumeek, eta B multzoaren sailkapenean azken hirugarrena den Andratx izango dute aurrean.