Elizkaleko etxe tutelatuak ezagutzeko ate irekiak egingo dituzte bihar

Nerea Uranga 2024ko mar. 11a, 12:10

Elizkaleko Biziberri etxebizitza tutelatuetako bat barrutik. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak adinekoentzako Biziberri etxe tutelatuak eraiki ditu Elizkalean. Guztira, hamabi etxebizitza dira. Bi txandatan egingo dituzte bihar, asteartea, bisitak: goizez bat eta bestea arratsaldez.

Azpeitiko Udalak bukatu ditu adinekoentzako Elizkalean egin dituen Biziberri etxe tutelatuak. Bihar, asteartea, ate irekiak izango dira etxeak ezagutu nahi dituzten herritar guztientzat. Bi txanda egongo dira: 10:00etatik 12:00etara bat eta, bestea, 15:00etatik 17:00etara.

Elizkalean daude Biziberri etxe tutelatuak. Hamabi etxebizitza dira denera: logela bakarrekoak dira lau eta bi logelakoak zortzi. Etxe denek dute beren sukaldea, egongela, komuna eta trastelekua. Udalak adierazi duenez, gehienak ezinduentzako egokituta daude, eta beharrezko ekipamendu guztia dute: sukaldea guztiz hornituta, jasotzen den ohea, tele-alarma… Udalak azaldu du, Biziberri etxeetan modu independentean, baina, aldi berean, behar duten laguntza guztiarekin bizitzeko aukera emango dietela adinekoei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide