Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehen aldaketa onartu zuen otsailean Azpeitiko Udalak, aho batez. Aldaketa horrek, Garmendialde 2ko Perdillegi eta San Martin azpieremuei eragiten die; hala nola, Perdillegiko eremuan bizitegi garapen berria eraikitzea aurreikusten du udalak, eta San Martin eremuan, berriz, zuzkidura garapena. Bi eremuak hiri lurzoruak dira lehendik ere.
Plan Orokorra aldatuta, erabilerak birkokatu egingo dituzte; alegia, Perdillegira lekualdatuko dute gaur egun San Martinen dagoen adinekoen egoitza, zerbitzua egungo beharretara egokituz eta handitzeko aukera emanez.
Era berean, gaur egun adinekoen egoitza dagoen lekua, San Martin, ekipamendu erabilerarako izendatu dute, eta han eraikiko dutena Ibaieder ibaiaren ibilgutik urrutiratzeko aukera edukiko dute. Modu horretan, ibaiaren ezkerraldeko ertza erabilera publikorako berreskuratuko lukete.
Perdillegin mendekotasuna duten adineko pertsonentzat eraikitzekoak diren zentroaren tramitazioarekin lotutako aurreneko urratsa da HAPOa aldatzea. Iazko apirilean onartu zuten behin-behinekoz Plan Orokorraren aldaketa puntuala, eta orain, behin betiko onespena jaso du.