Aste honetan ere igandea izango da zinemaren eguna Soreasu antzokian eta bi film ikusteko aukera izango da egun horretan: Museoaren zaindariak animaziozko filma (Vasili Rovenski, Errusia, 2024), 16:30ean; eta Negu hurbilak (Negu kolektiboa, Euskal Herria, 2023), 19:30ean. Astelehenean ere ikusgai izango da Negu hurbilak (21:00), baina igandeko lehen emanaldian, filma ikusteko aukera ez ezik, Negu kolektiboko Mikel Ibarguren eta Ekain Albite zuzendariekin solasean aritzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Nortasun irrikari buruzko film gisa definitzen dute Negu hurbilak, eta ihesaldi baten istorioa kontatzen du. Honela dio sinopsiak: "2011n, badirudi Euskal Herriak bizi duen gatazka luzea amaitu dela. Neska gazte batek ihes egin du helburu argi batekin: muga gurutzatzea. Badaki horrek dagoeneko seguru ez dagoen etxetik urrun eraman ahal izango duela. Ihesaldiaren erdian, Zubietara iritsi da. Mugako herri horretan, antzinako mitoak eta gatazka modernoak bat egiten dutela dirudi". Jone Laspiur aktoreak gorpuzten du filmaren protagonistaren rola.
Museoaren zaindariak filmaren sinopsian, berriz, hau irakur daiteke: "Vincent katu gaztea Maurice izeneko sagutxo batekin elkartzen da piano zahar batean uholde batetik ihes egiteko. Marinel talde batek instrumentua jaso eta museora bidaltzen du. Han, Vincentek eliteko katuen eskuadroi bat ezagutzen du, urteetan karraskarietaz eta beste piztietaz maisulanak babesten aritu dena. Vincentek benetako katu familia bat aurkitzea du amets, baina ez du bere lagun Maurice galdu nahi, bizitza salbatu baitzion, eta ezkutatzera behartuta dago. Baina Mauricek badu ahulezia bat: maisulanik ospetsuenak marruskatzea".
Igandeko zein asteleheneko film emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.