Bihar jokatuko dute 41. San Jose Txirrindularitza Saria

Nerea Uranga 2024ko mar. 15a, 08:45

San Jose Txirrindulari Sariko artxiboko irudia.

Junior mailako txirrindularitza probak 15:30ean izango du irteera Ikasberri ikastolaren aurretik, eta parte hartuko dutenek 84 kilometroko ibilbidea osatuko dute Azpeitia, Iraeta, Zestoa eta Errezilgo Benta Berri artean.

Junior mailako 150 txirrindulari inguruk parte hartuko dute bihar, zapatua, 41. San Jose Txirrindularitza Sarian. Lagun Onak txirrindularitza elkarteak antolatu du proba. 15:30ean irtengo dute txirrindulariek Ikasberri ikastolaren aurretik, eta 84 kilometroko ibilbidea egin ondoren, 17:30 aldera iritsiko dira aurreneko txirrindulariak Loiola Hotelaren aurreko helmugara.

Azpeititik irten eta Iraetara egingo dute lehen joan-etorria txirrindulariek, gero Landetatik Goenara igo eta Garmendi Gainera jaitsiko dira. Loiolatik bueltan, berriro Iraeta joan-etorria egin beharko dute, eta handik Azpeitira bueltan, Gazteko biribilgunean ezkerretara Errezilgo bidea hartuta, bi alditan Altzarte Gainera joan-etorria egin beharko dute, eta gero, Azpeititik Loiorako hiribidean egongo den helmugara joango dira, han lasterketa bukatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide