Penintsula osoko 42 parrillero aritu dira gaur Zarauzko Munoan nor baino nor txuleta onena erretzeko saiakeran Maestro Parrillero lehiaketan: ehunka nahiz milaka kilometrotatik etorriak ziren batzuk, izan Portugaldik, Herrialde Katalanetatik nahiz Kanarietatik, baina generoa, haragia, ber-bertakoa izan da; Azpeitiko Elormenditxo baserrikoa. Hango nagusi Sebastian Zubizarretak (Azpeitia, 1966) adi jarraitu du antolatzaileek nola mozten zituzten txuleta zatiak, gero horiek lehiaketan erabiltzeko.
Eskoziako Galloway arrazako bi behi hazi dituzu, eta txuleta lehiaketan amaitu dute. Nolatan?
Larrean ibiltzeko ganadua da, berezia, gizentzeko ez dutelako behar pentsurik. Belar ondua jaten dute, eta etxeko generoa: arbia, sagarra, patata eta soberakinak. Lehiaketara, dena den, ez ditut neuk ekarri. Nik saldu egin nuen haragia, eta saldu nion hori jarri zen Okelanekin harremanetan. Itxura denez, oso haragi ona atera zen, eta honako aukeratu dute.
Noiz ekarri zenituen etxera behi hauek?
Behia bere txahalarekin ekarri nuen baserrira. Behiari berriz hazia jartzen hasi ginenean, ikusi genuen ezinezkoa zela, umetokian arazoa zeukalako. Txahala, berriz, gehiegi gizendu zen, eta hazia jarri genion arren, ez zen ume egiteko gelditu. Albaitariak biak kentzea gomendatu zidan, haiekin berriz ez nuelako kumerik edukiko. Aurtengo urtera arte eduki ditut horrela, eta aurten kentzea erabaki nuen.
Iaz egin zen Txuleta Festa aurreneko aldiz. Orduan ere etorri al zinen?
Ez, aurreneko aldia dut. Antolatzaileek deitu zidaten ea ikustera etorri nahi nuen, eta gonbidapena onartuta etorri naiz. Ikusi dut gure ganaduaren haragiaz gain badagoela haragi gehiago, eta oso itxura ona du, egia esan; bereziki ikuskizun honetarako aukeratutako haragia dela argi dago.
Poza emango du halako ekitaldietan bertako haragia erabiltzeak, ezta?
Poza handia. Azken batean, ganadua da ume txiki bat edukitzea bezalakoa; egunero-egunero berarekin egon behar duzu, jana eman behar diozu... Aurten, gainera, gaitza etorri da –eltxo batek ziztatuta, infekzioa eragiten dio ganaduari, hiltzeraino– eta ganadu asko hil da; baserritarrak asko sufritu du. Zorionez, gure etxera ez da iritsi gaitza, baina beldur handia dago berriz etorriko ote den.
Zeuek ganadutik edo baserritik bizi al zarete?
Ez, ez. Ni baserrian hazi eta hezitakoa naiz, eta baserria mantendu egiten dut, baina baserritik kanpoko lana daukat. Lursaila garbi eduki eta belarra ez galtzeko daukat ganadua; bi behi edo hiru txahal edukitzen ditut.
Nola ikusten duzu bertako haragiaren kontsumoa?
Prentsan asko entzuten da O Km-ko produktuen kontua, baina gero, erostera joatean, prezioek indar handia dutela ikusten da. Jendeak jakin behar du, ordea, baserritar txikiok, bertan lana egin eta zerbait produzitzen dugunok eta zuzenean saltzen dugunok, genero oso ona edukitzen dugula, eta ez duela zerikusirik kanpotik ekartzen denarekin. Hemengoa ondo tratatu eta hazitakoa izaten da, mimatutakoa, eta beharbada zerbait gehiago ordaindu beharko da, baina genero oso ona da.